"Apurka-apurka eta etengabe epe ez oso luze batean helburua lortzen ikusteak jarraitzeko indarra ematen du"

Erabiltzailearen aurpegia Irati Moreno 2015ko uzt. 26a, 17:05

AINHOA GALDEANO (1970, Arrigorriaga) lerroko gurpilen irristaketa artistikoan munduko txapelduna izan da behin baino gehiagotan. Astelehenero Aldaiko Irristaketa Taldearekin aritzen da kirol honen nondik norakoak irakatsi nahiean. 

Irristaketa artistikoko munduko txapelduna zara. Zer sentitu zenuen postua lortzean?

AINHOA GALDEANO (1970, Arrigorriaga) lerroko gurpilen irristaketa artistikoan munduko txapelduna izan da behin baino gehiagotan. Astelehenero Aldaiko Irristaketa Taldearekin aritzen da kirol honen nondik norakoak irakatsi nahiean. 

Irristaketa artistikoko munduko txapelduna zara. Zer sentitu zenuen postua lortzean?

Ba, izugarrizko poza. Urtean zehar landu ditudan koreografia, jauziak, piruetak eta abar bi minutu eta erditan erakutsi behar dizkiet epaileei. Edozein akats puntuazioari eragiten dio, beraz, une hartan sutan jarri behar da dena.

Batez ere, buruan konfiantza eduki behar da egindako lanean eta musika hasten denean gozatu.

Dena den, ez da lortzen duzun lehen aldia, ezta?

Ez, lehenengo munduko txapelketa 2012an Parisen izan zen, han bigarren postua lortu nuen. Nire kategorietan bakarra izan nintzenez, beste hiru mutilekin batu ninduten. Hurrengoetan, Bucharesten (Errumanian), Panticosan (Espainia) eta azken hauetan Ginebran (Suitzan) lehenengo postua lortu dut, bai.

Kirol honetan zer da kontuan izan behar duzuna lehiatzerako orduan?

Lehengo eta behin araudia, jakina. Araudietan adienen araberako kategoriak daude. Mailaren arabera badago nazioarteko maila eta bigarren maila. Hemen  egin behar diren elementuak zeintzuk diren, musikak zenbat iraungo duen, eta teknikoki edo artistikoki baloratzen diren elementuak. adierazten dira.

Guzti horretatik zer da garrantzitsuena?

Nik esango nuke nola ikusten dituzun egiten zoazen hobekuntza guztiak. Irristaketak gorputz-atal guztietako koordinazioa behar du. Ezin da dena aldi berean landu. Apurka-apurka eta etengabe epe ez oso luze batean helburua lortzen ikusteak indarra ematen du jarraitzeko.

Zuk zenbat urte daramatzazu patin gainean?

Ba, bizitza osoa. Izotz gainean hasi nintzen Nogaro izotz pistan (Bilbon) itxi zuten arte. Gero 2008an inguru aisialdirako irristaketarekin hasi nintzen eta 2011an, gurpil-lerroko patinaje artistikoa. Besteak utzi barik.

Munduko hoberena izatea, esan daiteke, lortu dezakezun gauzarik onenena dela, beraz, zer nahiko zenuke etorkizunean?

Bai, hodei batean nabil eta hortik jaistea ahalik eta urrunen ikusten dut.

Oso gustura nabil eta momentuz gorputza iraun arte jarraituko dut. Ez ditut aipatu nahi lesioak edo bestelako oztopoak.

Olinpiar jokoetan aritu zara? Aritzeko asmorik?

Ez, lerroko-gurpilen irristaketa artistikoa ez daude Olinpiar jokoen barruan. Agian 2020an, Tokion, baina nire kategoria, hau da, masterra ez dut uste sartuko denik. Beharbada, nagusien joko olinpikoetan, bai, ja, ja.

Zer nolako maila dago Euskal Herrian kirol honetan? Klub asko daude?

Nik dakidala ez dago inor, agian zaletasun eran bai, baina ez lehiaketetan parte hartzen. Diziplina nahiko berria da 2007, gutxi gora behera sartu zen Espainian WIFSA-ren eskutik (World Inline Figure Skating Asociation). Elkarte honek nazioarteko entrentzaileak biltzen ditu, denak izotz gaineko irristaketatik, eta geure araudiak ISU elkarteen menpean daude (hau da, izotz gaineko patinaje artistikoko nazioarteko federazioa). Aurten Wifsak, horren elkartekidea naiz ni, berbetan ari da eta akordio bat sinatu du FIRS elkartearekin (gurpileko patinaje nazioarteko federazioa).

Oso garrantzitsua da erabakia etorkizunerako, batez ere epailearen lanerako, irizpide berdinak erabil ditzaten teknikaren aldetik, gurpil gaineko irristatzaileentzat, bai izotzetatik gatozenontzat, bai lau gurpiletan dabilenentzat.

Zer nolako entrenamenduak egiten dituzu?

Gutxienez bi egun astero eta lanaren arabera ba, ordu bat edo bi ematen ditut. Honi gimnasioa eta balleta gehitzen saiatzen naiz, kirol honetarako osagarri garrantzitsuak baitira.

Laudioko Aldai Irristaketa taldean ere klaseak ematen dituzu. Eta hori?

Ba, artistikoaz gain, aisialdirako irristaketa gehi abiadura egiten dut RollerBilbao elkartean, Aldaiko Irristaketa taldekideek bezala. Aspaldian elkar ezagutzen genuen eta komentatu zidaten artistikoa probatu nahi zutela.

Hasieran oreka lantzen dugu, pisuaren erabilera, gorputzaren kontrola eta gero irristaketa artistikoan gauzatzen diren elementuak, hanka batean mantentzea, biraketa artistikoak, urrats konbinatuak eta abar.

Aurreko Gabonetan ate irekien ekitaldian oso koreografia politak antzeztu zuten bi taldeek.

Noiz hasi zinen klase horiek ematen? Eta nola ikusten dituzu?

Orain dela bi urte hasi ginen klaseekin. Nagusiak batez ere. Momentuz 3 ume biltzen gara astelehenero Gardeako frontoian arratsaldeko 18:30etatik 20:00ak arte hastapenekoak eta 21:30ak arte hobekuntzakoak.

Gauzak guztiak bezalaxe apurka-apurka doa. Talde bakarra izatetik, bi taldeizatera pasatu gara eta hori kirol ezezagun baterako oso ondo dago.

Zer ezberdintasun dago irristaketa artistikoaren artean eta beraiek egiten dutenaren irristaketa motaren artean?

Batez ere gorputzaren jarrera, irristaketa artistikoan bertikalago daramagu ardatza eta bestean, aurreratuagoa. Abiaduran, lurrarekiko ia horizontalean daramate. Baina bietan, esaterako, besoen kokapena eta gorputzaren pisua kulunkatzea oso garrantzitsua da. Dantza izango balitz bezala.

Laudion irristaketa artistiko klub berri bat dago. Lautxirrinka du izena, baina lau gurpil gaineko irristaketa artistikoa egiten dute. Ezberdintasun handia dago gurpil gaineko eta izotz gaineko irristaketaren artean? Zuk biak ala bat praktikatzen duzu?

Aipatzen duzun taldea lau gurpil gaineko patinajea egiten du, ordea, nik praktikatzen dudana gurpilak lerrotan daude, beraz izotz gaineko irristaketaren antza du, berdina dela ez esateagatik. Eta nik biak egiten ditut.

Nire patinajean oso garrantzitsua da, nire entrentzailearen Elisabeth-en hitzetan FIF delakoa, hau da “filos-inclinación-fluidez”. Beste hitzetan, patinatzean gorputza ardatzetik atera jakin behar da.

Zerbait gehiago komentatu nahiko zenuke?

Edonork parte dezake gure klaseetan. Gauza bakarra eskatzen dut, irristatzen jakitea. Ikasturtea, printzipioz, irailaren 7an hasiko da, 18:30etan Gardean, beraz gonbidatuta daude probatzen etortzera. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide