Laudioko Udalak homofobiaren aurkako lehiaketa antolatu du aurten berriro eta “Zergatik zara heterosexuala?” galderari erantzutea zen lehiaketaren xedea.
Ekainaren 29an bukatu zen erantzunak jasotzeko epea eta irabazleak Maitane San Andrés -Bilbokoa, 32 urte-, eta Orozkoko 17 urteko Samuel Pasandin izan dira.
Iritziak euskarri ezberdinetan jaso ziren ekainean WhatsApp, Facebook eta Tuenti bidez. Laudioko Udaleko webgunean ere atal berezia ireki zuten helburu horretarako eta bertan erantzun guztiak ikus daitezke. Irabazle bakoitzak Oparibox delako bat eta sexualitatearen inguruko liburu sorta jaso du.
Erantzun saridunak hurrengoak izan dira:
Maitane San Andrés López:
"Galdera honi erantzuteko honako galderei erantzun behar izan ditut:
-Noiz jabetu zinen heterosexuala zinela? -Kostatu zitzaizun onartzea?
-Heterosexuala izategatik diskriminazioa pairatu duzu? - Lanpostuan arazoak izan dituzu heterosexuala izateagatik ? -Psikologoarenera joan zara heterosexuala utzi behar izateko? -Zure lagunak jakinaren gainean daude? -Gurasoei kontatu diezu?- Zure arazo bera daukan inor ezagutzen duzu? -Zer iritzi daukazu giro heterosexuala duten tabernei buruz? -Genero ezberdineko bikote batek traumatu gabeko haurrak eduki ditzake? A ze nolako aita eta ama dauden!! -Heterosexula izanik, HIES-a kutsatzearen beldur zara? -Nola eta noiz izan zenituen zure lehengoko harreman sexualak? -Zer iritzi daukazu Benedicto XVI-k heterosexualitatea bekatutzat hartzeaz? -Zer iritzi daukazu Heterosexualak beste herritar legez eskubide berdinak izatea? - Eraso heterofoborik sufritu dituzu?"
Samuel Pasandin:
"Zergatik naiz heterosexuala? Ba nire ustez egun ez dugu gure sexualitatea askatasunez
eraikitzen. Heteroarauak eragin izugarria dauka gurean eta gure heziketan. Generoa
eta sexualitatea eraikuntza soziokulturala da eta kanpoko pilo bat faktore dute eragina
eraikuntza horretan.
Asko eta asko dut esateko gai honi buruz eta hausnarketa oso interesgarria da.
Baina, ez naiz heterosexuala, beraz, ezin dut nire egin lehiaketaren galdera hau.
Dena dela oso kanpaina polita da egiten duzuena!"