“Gometeguiko atean jarraituko dugu kanpatuta, ahal beste zarata egiteko asmoarekin”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko uzt. 15a, 13:42

Gaur 50 egun betetzen ditu JOAQUIN MARTINEZ ROJOk Gometeguiren lantegiaren aurrean autokarabanan bizitzen. Beraren eta maiatzaren amaieran kaleratuak izan ziren beste zazpi langileen ber-onartzea aldarrikatzen dago. Kaleratutako langileetatik seik kaleratze-akordioa sinatu dute enpresarekin. Iragan astean beste bi langileen (Joaquin eta Manuelen) ber-onartzerako akordioa lortu zuten enpresarekin, baina zuzendaritzak azken momentuan bertan behera utzi du akordioa.

Ber-onartzea mahai gainean zeneukaten, baina enpresak bertan behera utzi du akordioa.

Gaur 50 egun betetzen ditu JOAQUIN MARTINEZ ROJOk Gometeguiren lantegiaren aurrean autokarabanan bizitzen. Beraren eta maiatzaren amaieran kaleratuak izan ziren beste zazpi langileen ber-onartzea aldarrikatzen dago. Kaleratutako langileetatik seik kaleratze-akordioa sinatu dute enpresarekin. Iragan astean beste bi langileen (Joaquin eta Manuelen) ber-onartzerako akordioa lortu zuten enpresarekin, baina zuzendaritzak azken momentuan bertan behera utzi du akordioa.

Ber-onartzea mahai gainean zeneukaten, baina enpresak bertan behera utzi du akordioa.

Hala da. Iragan ostegunean eman zen akordioa, eguerdiko ordu batak aldera. Akordio hori bertan behera uztea eragin izan zuena (enpresaren esanetan) ohar baten filtrazioa izan da, egun horretan bertan El Correo egunkarian agertutakoa. Enpresak dio akordioa apurtzen duela filtrazio hori eman delako prentsan.

“El Correok argitaratutako oharra enpresatik filtratu dela uste dugu, eta aitzakia hori erabili du ber-onartzearen akordio bertan behera uzteko”

Baina ohar hori ezin izan da negoziazioan geundenengatik (langileak eta sindikatuak) filtratua izan. Guk uste dugu filtrazio hori enpresatik etorri dela, informazio hori asteazkenerako heldu behar izan zelako El Correoren erredakziora, eta guk orduan ez genuen hurrengo egunean mahai gainean jarriko ziguten akordioaren berri. Enpresak ostegunean bertan planteatu zigun akordioa, eta ostiralean bertan sinatu nahi zuela adierazi zigun.

Gauzak hala, zein asmo duzue epe motz edo ertain bati begira? Autokarabanan jarraitzeko asmoa duzu?

Bai, hemen jarraituko dugu autokarabanarekin, ahal beste zarata egiteko asmoarekin. Noiz arte? Abuztuan enpresa ia guztiz itxi egiten da, eta kanpatuak gauden leku hau Laudioko Jaietako barraken jabeen karabanez betetzen da guztiz. Botako gintuzkete, beraz.

Horregatik, irailaren 1ean itzultzea da asmoa. Orduan ere barraken jabeek uste dut hemen jarraituko dutela, baina leku bat bilatzen saiatuko gara. Hori da asmoa.

Nola dauden gauzak? Apurtuta. Enpresak berak apurtu egin ditu abian zeuden negoziazioak. Eta gaur egun ia ez dago ezer eta ez da ezer jakinarazi. Herenegun gure abokatua enpresaren abokatuarekin mintzatu zen, baina soilik enpresak izan duen jokaera txarraren inguruan.

“Datorren uztailaren 20an hiru hilabete beteko dituzte enpresako langileek nominak kobratu gabe”

Kaleratzeez gain, nominak ez-ordaintzearen afera ere hor dago...

Hala da. Datorren uztailaren 20an hiru hilabete beteko dituzte enpresako langileek nominak kobratu gabe. Esan didatenaren arabera, badaude ez-ordaintzeagatik salaketa jartzeko prest dauden langileak. Zer gertatuko den? Tailerrean dagoen jendearen araberakoa izango da. Oso larria izango litzateke onartzea hiru nomina izatea ordaindu gabe. Enpresa batzordea ostiralean bilduko da eta bertan erabakiko dute zer egin uztailaren 20tik aurrera.

Baina hori barruko kontua da. Ni hemen kanpoan pankartaren bat edo beste jar dezaket, baina ondo egongo litzateke langileak atera eta denok hemen batzea.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide