ONINTZE BIRIBAI eta LOREA GALNARES kirolariek osatzen dute Aldaiko Irrisketa Kirol Taldea, besteak beste. Elkarteak egindako ibilbideari buruz mintzatu dira.
Duela zenbat urte eratu zen Aldaiko Irristaketa Kirol Taldea?
Onintze: Kluba 2009an sortu zen, Arabakofederazioan sartu zenean, gutxi gorabehera.
Noiztik ari zara bertan parte hartzen?
Onintze: Hasieratik bertatik. 2009an, taldea sortu zenean. Ahoz aho zabaldu zen mezua; Laudion Bilboko klub bat hasiberrientzako irristaketa ikastaroa sustatzera etorri zen eta txikitako zaletasunari jarraiki pentsatu genuen gehienok nolabait parte hartu behar genuela ikastaro hartan eta, horrela, elkar ezagututa animatu ginen, urtero jarraituz.
Lorea: Nire lagun bat hasi zen klaseetara joaten eta berarekin joatera animatu nintzen.
Zein izan zen irristatzen hasteko zuon arrazoia?
Onintze: Txikitatik izan dut zaletasun hori, hasieratik nire kabuz patin batzuk erosi nituen, baina konturatu nintzen horrela teknika ikastea ezinezkoa zela.
Orduan, ikastaro honetan izena ematea erabaki nuen eta, gustukoa nuela ikusita, jarraitzera animatu nintzen.
Lorea: Nik ez nekien ezer, beraz nire lagunak animatuta hasi nintzen.
Zergatik gomendatuko zeniokete pertsona bati irristaketan hastea?
Onintze: Lehenik eta behin, oso kirol dibertigarria dela, jendea ezagutzen duzula, oso osasungarria dela… beti alderatu egiten da igeriketa eta txirrindularitzarekin.
Horrez gain, koordinazioa eta, nolabait, garapen fisikoa aurrera eramaten dituzu edo indatzen dituzu. Animikoki, gainera, primeran sentitzen zara.
Zein dira Laudio herriak irristaketa praktikatzeko dituen arazorik larrienak?
Onintze: Eguraldia alde batera utzita, Laudio inguratzen duen bidegorria da arazorik larriena. Oso zatarra eta, kasu askotan, arriskutsua delako. Nerbioi ibaia jarraituz, Amurriorantz doan bide hori oinezko zein txirrindularientzat baino ez dago pentsatuta. Guri, patinatzaileoi, ea ezinezkoa egiten zaigu bertatik igarotzea entrenatzeko edo ondo pasatzeko.
Zein dira egun taldeak egiten dituen jarduerak?
Onintze: Astelehenetan ikastaro bat egoten da Gardean, irristaketa artistikoa lantzeko. Horretarako udalak Gardeako frontoia astean hiru orduz uztea lortu dugu. Bestalde, asteazkenetan eta zapatu goizetan elkartzen saiatzen gara, betiere eguraldiaren arabera, herritik ibilbide lasaiak egiteko. Beste herrietako ibilbide zein lasterketetara joaten ere animatu egiten gara, honela beste klub batzuetako jendea ezagutzen dugu eta harremanak pixkatxo batean sendotu eta iritziak elkartrukatzen ditugu. Beste kirol ekintzetan ere gure laguntza ematen parte hartzen dugu. Josito Memorialean, Mugikortasunaren astean…besteak beste.
Zerbait gaineratu nahi?
Onintze: Ea kirol hau ezaguna egiten den eta honela, jendea animatuta, herriarentzat hobekuntzak lortzen ditugun; batez ere, bidegorria konpondu eta dirulaguntzak kirol honen ezagutza posible egiteko. Horrela, jende gehiagok eukiko du kirol ezezagun honetaz gozatzeko aukera, azken finean hori baita garrantzitsuena.