"C.D Laudiok uste du herrian futbol klub bakarra egonda nahikoa dela"

Erabiltzailearen aurpegia Irati Moreno 2015ko uzt. 3a, 09:00

LEIRE MENOYO (1992, Laudio) C.D Altzarrateko futbolaria da.  C.D Altzarrate Laudion sortu den emakumeen futbol klub berria da.

 Zergatik erabaki duzue beste klub bat sortzea?

LEIRE MENOYO (1992, Laudio) C.D Altzarrateko futbolaria da.  C.D Altzarrate Laudion sortu den emakumeen futbol klub berria da.

 Zergatik erabaki duzue beste klub bat sortzea?

Proiektu hau orain dela denbora asko jarri zen martxan. Ilusio handia zen emakumeen futbolari esklusiboki dedikatutako Klub bat edukitzea. Horrela, eszenatoki berri bat sortzen da, zeinetan guztiz arduratu eta mimatu egiten dituzten emakumeon futbolean ditugun beharrak. Izan ere, mutilek oraindik kontrolatzen duten eremu honetara errazago moldatzeko aukera dugu orain.

Agian, azkeneko bultzada CD Laudioren desagerpenaren posibilitatea izan zen, azkenaldian zeharkatzen zituen zailtasun ekonomikoengatik.

Laudiorekin arazoren bat izan duzue?

Pertsonalki ez dut inoiz arazorik izan, alderantziz, oso eskertuta nago gehien gustatzen zaidan kirola praktikatzeko eman didaten aukera honengatik, herritik atera behar izan gabe.

Orain, CD Laudio eta CD Altzarrateren arteko gatazka nagusiena futbol zelaien banaketa da.

CD Laudiok hitzarmen bat dauka udaletxearekin sinatuta, horregatik suposatzen da San Martin eta Ellakuriko futbol zelaiak bakarrik Klub horrek erabili ahal dituela. CD Altzarratek berriz, saiakera pilo egiten ari da zelai bi hauek, bi Klubak erabili ahal izateko, azken finean, bi kluben artean pertsona kopuru berdina izango baikara. Kontua da CD Laudiok ez dituela Laudio bezalako herri batean, bi Klub ikusten, haien iritziz, bakarra edukita guztiok jokatu ahal dugulako.

Nik dudan azken informazioa da, Uztailaren 1ean udaletxean egindako bileran, Natxo Urkixo alkateak bermatu duela CD Altzarratek San Martin zelaia entrenatzeko eta jokatzeko izango duela .

Zergatik uste duzu CD Laudio “haserretuta” dagoela beste klub bat sortzeagatik?

Ez dute ulertzen orain dela urte batzuk, Pablo Gorostiaga alkate izan zenari bi talde bateratzea kostatu zitzaionarekin (S.D Laudio eta Salleko), orain berriro bi talde edukitzearen beharra izatea, gainera, futbol zelaia banatu behar izanda.

CD Altzarratek bere partez, bere sorreraren beharra justifikatzen du, bere argudioetan oinarrituz.

Zenbat neska zarete?

Laudion emakumezko futbola hasi zenetik asko handitu da nesken kopurua. 2009.urtean talde bakarra sortzeko kideak zeuden, baina gaur egun hiru talde sortu ahal izan ditugu. Guztira 54 neska gaude.

Estatistika hauek ikusita, denborarekin, emakumezkoen futbolak garrantzi handia izango duela uste dugu eta beraz, indar handia Laudio bezalako herri batean.

Zenbat eta zein kategorian?

Neska guztiak hiru taldetan banatuta gaude adinaren arabera. A, B eta C taldeak ditugu momentura arte.

A taldean, 16 urtetik aurrera ditugun neskak gaude. Erregional kategorian jolasten dugu eta futbol 11. 27 neska guztira.

B taldean, 12 urtetik gorako neskak daude. Eskolarteko kategorian kategorian jolasten dutenak eta futbol 7. 15 neska guztira.

Azkenik, C taldean, 7 urtetik aurrera dituztenek osatzen dute. Eskolarteko futbola kategorian jolasten dute eta futbol 7. 12 neska guztira.

Zuk zein postutan jokatzen duzu?

Defentsan, eskuineko hegalean jokatzen dut, hori da nire ohiko postua, baina batzuetan, behar izanez gero zentrala ere izaten naiz.

Zenbat denbora daramazu futbolean jokatzen

2008-09 denboraldian hasi nintzen gaur egun jarraitzen duten Jone Cormenzana eta Miren Oruetarekin (ordezkaria) batera. Denboraldi hartan hasi zen emakumezkoen futbola Laudion. Hortaz, 8 urte daramatzat futbol zelaietan kirola egiten.

Nire esker beroenak Paco León-eri, bera izan zelako emakumezko futbolaren ideia Laudion sortu zuena, eta geroztik proiektu hau aurrera eramateko lan egin duten pertsona guztiei ere bai.

Nesken futbolak berezitasunen bat duela esango zenuke? Zein?

Nik esango nuke emakumezkoen futbolean, kirolari deritzonez, ez dagoela berezitasunik, mutilen futbolarekin konparatuz. Baina berezitasunen bat balego, emakumeok daukagun sentsibilitatezko “toke” berezi hori izango litzateke. Egia da, gaitasun hau bizitzaren edozein arlotan erakusten dugula.

Zelakoa izan da aurten bukatu berri den denboraldia?

Niretzako denboraldi hau oso ona izan da, hasieran lesio batean erori nintzen arren. Aurten, emaitza nahiko onak lortu ditugu, bereziki Kopan jokatutako partiduetan. Gutxi falta izan zaigu Kopa irabazteko. Gainera, ligako partiduak ere oso ondo defendatu ditugu, eta gure taldeko giroa bikaina izan da.

Egia da ere, denboraldi amaieran, giro bikain hori txikiagotu egin zela, ez genekielako taldea jarraituko zuen ala ez.

Orain, alde batetik lasaiago gaudela esan dezakegu, gure kirol gustukoena praktikatu ahal izango dugulako, nahiz eta batzuk oraindik, non jarraituko duten ez jakin.

Hurrengo urteari begira zer gustatuko litzaizuke?

Hurrengo urteari begira futbolean jokatzen jarraitzea gustatuko litzaidake, aurtengo emaitzak hobetzea gure giro ederra mantenduz, neska gehiago futbolean jokatzera animatzea, gehiago ikastea, eta batez ere, futbolaz gozatzea

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide