IVAN DE LA CRUZ (1983, Laudio) Mugagabe Trail Laudio taldearen kidea da eta uztailaren 26an egingo den Laudioko trail lasterketan antolakuntzako zuzendaria da.
Mendi lasterketa antolatu duzue, zeintzuk dira lasterketaren nondik norakoak?
Lasterketa Aldai plazan hasiko dugu goizeko 9:30ak aldera. Toki berean bukatuko dugu baina aurretik 42 edo 25 kilometrotako ibilbidea egin beharko dugu. Goikogane, Mugarriluze, Kamaraka, Kiputxeta eta Arrañotik pasako gara helmugara heldu baino lehen.
Esan bezala, bi ibilbide egongo dira, batak 42 kilometro izango ditu eta 2600 metroko desnibel positiboa eta bestea, ordea, 25 kilometrokoa izango da eta 1600 metroko desnibel positiboa izango du.
Ez al da gogorregia izango?
Ibilbide luzea, 42 kilometrotakoa alegia, mendi lasterketetan esperientzia duten pertsonentzat eginda dago.
Gogorra izango da bai, baina, hala ere, jendeari lasterketa honetan parte hartzea gomendatuko nioke. Ibililbide motzagoa duen lasterketa errazagoa da eta astean birritan edo hirutan entrenatzen duten horientzako egina dago.
Zuen lehen edizioa da, zeintzuk dira zuen etorkizuneko asmoak?
Orain ez dugu etorkizunean askorik pentsatzen. Lehen edizio honetan buru belarri gaude lanean dena primeran aterako zaigunaren ilusioarekin.
Lasterketa bukatutakoan erabakiko dugu datorren urtean zer egin, beste edizio bat egin edo ez. Baina horretarako ezinbestekoa zaigu lasterkarien iritziak jakitea.
Zer dago horrelako lasterketa bat antolatzearen atzean?
Lehendabizi lan ordu mordoa, hasieratik gauza asko pentsatu behar baitira: ibilbidea pentsatu, udalean baimenak eskatu, anbulantziak bilatu... Hala ere niretzat garrantzitsuena boluntarioen laguntza bilatzea izan da.
Ni antolakuntzako zuzendaria naiz, baina abentura honetan ez nago bakarrik.
Izan ere, laguntza eskaintzen didaten lagunak ere nirekin daude. Hala nola, Ruben Ladron de Gebarak web orrialdea, logoa eta kartelak egin ditu eta Aaron Garmendiak eta Ivan Herrerak ibilbidearekin lagundu naute.
Noiz sortu zenuten Mugagabe Trail taldea?Zergatik?
Orain dela gutxi sortu dugu. Gabonetan Goikoganetik entrenatzen nenbilela oso ideia polita izango litzatekeela pentsatu nuen. Egun horretatik aurrera lanean hasi ginen eta Laudion hasi eta bukatuko zen ibilbide bat sortzea erabaki genuen.
Zeintzuk dira zuen helburuak?
Batez ere korrikalariek lasterketaz eta bere ibilbideaz goza dezatela. Gure mendiak ondo ezagutu ditzaten eta nola ez, egun polit eta izugarria pasa dezaten.
Noiz hasi zinen mendi lasterketak egiten?Zergatik?
Duela sei urte edo abentura raidetan hasi nintzen Aaron Garmendiarekin, eta mendi lasterketetan 3 Urte daramatzat.
Beti gustatu zait mendira igotzea, eta orain mendi lasterketak egiten ditut bertan bakea eta zoriontasuna lortzen dudalako.
Zer esango zenieke mendi lasterketetako korrikalariei?
Lasterketa egitera animatu daitezela. Ondoren parrillada egingo dugu eta garagardo batzuk edango ditugu gorputz guztiak lasaitzeko eta!