Uztailaren 13tik 19ra Subijanan, Araban, frackingaren aurkako nazioarteko kanpaldia egingo dute. Bertatik oso hurbil haustura hidraulikoa gauzatzeko putzu bat aurreikusita dago. Fracking Ez Aiaraldeak kanpaldiaren antolakuntzan parte hartuko duenez gero, bilera bat deitu dute uztailaren 3rako, Laudioko Kultura Etxean. Bertan, ekimenaren inguruko informazioa emateaz gain parte hartu nahi dutenek laguntza eskaintzeko aukera izango dute.
Kanpaldian oro har Amerika eta Europako lagunak bilduko dira. Besteak beste, Estatu Batuak, Frantzia, Rumania, Ingalaterra, Argentina eta Txiapaseko kideekin egoteko parada izango da. Kurdistan edota Algeriatik ere hurbilduko dira.
Zazpi egunetan zehar luzatuko den kanpaldian elkar ezagutzarako eta esperientziak trukatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Gainera, asteburuan, jaia antolatu dute, Esne Beltza eta Zea Mays taldeen emanaldiekin, besteak beste.