"Ematen du rock musika adinekoen kontua dela"

Erredakzioa 2015ko eka. 25a, 20:05

IÑIGO IBARRA (Laudio, 1972) Al infierno en goitiberako musika taldeko kidea da. Larunbatean Orbeko Etxean emango du taldeak bere azkenengo kontzertua Laudion eta horren harira, besteak beste, mintzatu da Iñigo.

Antza Orbeko Etxean egingo duzuen kontzertua da Laudion eskainiko duzuen azkenengoa.

Bai, hori da asmoa behintzat. Taldean giro ona dago eta gure arteko harremana ona da, baina sormenaren aldetik aspertuta gaude eta hori dela eta erabaki dugu uztea.

IÑIGO IBARRA (Laudio, 1972) Al infierno en goitiberako musika taldeko kidea da. Larunbatean Orbeko Etxean emango du taldeak bere azkenengo kontzertua Laudion eta horren harira, besteak beste, mintzatu da Iñigo.

Antza Orbeko Etxean egingo duzuen kontzertua da Laudion eskainiko duzuen azkenengoa.

Bai, hori da asmoa behintzat. Taldean giro ona dago eta gure arteko harremana ona da, baina sormenaren aldetik aspertuta gaude eta hori dela eta erabaki dugu uztea.

Azkenaldian, utzi behar genuela iragarri genuenetik hain zuzen, kontzertu gehiago eskaini dizkigute. Esan dezakegu azken bolada honetan ia aurretik baino hobeto pasa dugula.

Gehiago jo duzue orain utzi behar duzuela orduan?

Bai, egiten dizkiguten eskaintzekin gehiago disfrutatzen dugu. Egia esanda oraingoekin ilusio gehiago eragiten digute lehen baino.

Zenbat urte ditu taldeak?

Gure lehenengo kontzertua uste dut 2005eko otsailean eman genuela, Laudioko Gaztetxean. Demagun 2004an sortu zela taldea.

Aurretik ere jotzen genuen elkarrekin baina lagun taldea ginen. Falta zitzaigun abeslaria eta abeslaria lortu genuenean sortu genuen taldea.

Nola bururatu zitzaizuen “Al infierno en Goitibera” izena?

Izenarekin betikoa gertatu zitzaigun. Behar ez duzunean hainbat izen interesgarri bururatzen zaizkizu baina lehenengo kontzertua hurbil genuen eta ez geneukan izenik.

Ideia ezberdin genituen eta pentsatutako izenen artean erabaki genuen duinena hartzea.

Zer uzten du Al infierno en goitibera taldeak?

Grabaketen aldetik oso alferrak izan gara. Gure buruak rock musikari igandezaletzat jotzen ditugu. 5 edo 6 abestiko maketa bat daukagu eta gero 16 kantako CDa argitaratu genuen. Zenbait abesti errepikatu genituen, maketan ere agertzen baitziren. Eta hori da utziko dugun legatu bakarra.

Kontzertuen aldetik ez dakit 30-40 edo 50 eman ditugu. Ez dakit zehazki.

Zein izan da taldeko unerik onena?

Horretan bakoitzak iritzi ezberdina izango du. Sormen handiko taldea ez garenez gure saioak lagun txoko giroan egin ditugu. Oso ondo pasatzen dugu elkarrekin eta une dibertigarri asko izan ditugu. Argitaratu daitezkeenak... gutxi.

Eta argitaratu daitezkeenak?

Ba adibidez, izenaren harira, behin errotonda bat “jan” genuen eta taldea ia-ia infernura joan zen. Kontzertu baten ostean.

Non jo duzue oro har?

Funtsean talde gaztetxeroa gara. Taberna txikitan ere jo dugu. Noizbait agertoki handiren batean ere aritu gara, tokiko taldeen gonbidatu gisa; batzuetan esperientzia onak izan dira eta beste batzuetan hobe leku txiki batean 10 lagunen aurrean jotzea.

Giroaren arabera. Leku txiki batzuetan oso ikusle gutxirekin primeran pasa dugu eta kontrakoa.

Larunbaterako zerbait berezia prestatu duzue?

Bai, omenaldiren bat egingo diogu gure ibilbideari, jendea gonbidatuko dugu agertokira igo dadin eta gure abestia asko joko ditugu -ez guztiak, ez dugu aspertu nahi-. Espero dugu jai dibertigarria izatea.

Hori da asmoa. Betidanik gure helburua dibertitzea izan da. Dirua irabazteko, bistakoa denez, ez genuen taldea sortu.

Kontzertuarekin espero dugu ezberdintasuna markatzea argi gera dadin azkenengoa dela.

Zeintzuk dira Al infierno en goitiberako balizko jarraitzaileak?

Gurea punk-rock musika da, hardcore kutsuarekin. Laudioko Skuatetik atera ginen eta hori nabaritzen da.

Green Day taldearen inguruko dokumentalean islatzen da gure nerabetasuna. Garai horretan jaso genuen talde ugariren eragina. Gehienak ez dira ospetsuak bilakatu, Green Day bezala ez behintzat, baina ekarpen interesgarriak egin zituzten eta guri mundu berriak ireki zizkiguten.

Hemen zegoen standar ofizialarekiko ezberdintasuna adierazten zuten.

Gero bakoitzak bere gustuak ere baditu eta horretara jotzen du. Baina talde honetan guztiok gaude ados punk-rock talde igandezalea garela.

Eta zeintzuk ziren zuen mezuak talde igandezale gisa?

Gai sozialak. Apur bat politikoak.

Punk-rock talde okupa-gaztetxero tipikoak jorratzen duena. Inguratzen gaituena edo arreta deitzen diguna.

Al infierno en goitiberaren ostean bizitza egongo da?

Taldeko batzuek beste proiektu batzuk dituzte baina anbizio berekoak; ondo pasatzea lagunen artean eta kontzerturen bat agertuko balitz, primeran.

Al infierno en goitiberarik gabe zer nolako errealitate musikala geratzen da Laudion?

Nik apur bat galduta nago belaunaldi berriekin. Egia esanda ez dut uste gazteak oso motibatuta daudenik rock-arekin.

Rock musika ematen du adinekoen kontua dela, edo adinekoak izatear daudenena. 30 urteko pertsonen gorako musika da.

Gazteenek ez dute bereziki gogoko. Eta tributu eta omenaldien bitartez eskaintzen zaiena ez dirudi unibertso musikala handitzen dienik.

Ez dut jende gaztea ezagutzen mundu honetan. Nire adinekoak dira ezagutzen ditudanak eta gaztetxeren batean jotzen badute pozik.

Azkenengo mezu bat?

Niri dagokidanez, jendea animatzen dut Orbekora etortzen giro ona egongo baita eta jai polita egingo dugu.

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide