“Sanpedropekoak ez dira koadrilei begira soilik egiten, jende orori zuzenduak daude”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko eka. 25a, 20:33

Jon Kepa Ayesta (Laudio, 1987 ) Laudioko Jaiak Koordinakundeko kidea da. Koordinakunde hori osatzen duten koadrilek Sanpedropekoak antolatu dituzte asteburu honetarako.

Zergatik ez lituzke aiaraldear batek aurtengo Sanpedropeko jaiak galdu beharko?

Jon Kepa Ayesta (Laudio, 1987 ) Laudioko Jaiak Koordinakundeko kidea da. Koordinakunde hori osatzen duten koadrilek Sanpedropekoak antolatu dituzte asteburu honetarako.

Zergatik ez lituzke aiaraldear batek aurtengo Sanpedropeko jaiak galdu beharko?

Uste dugu aurten apustu potentea egin dugula. Azken urteetan Sanpedropeko jaiak ostiral eta larunbata izan dira, eta aurten igandea gehituko zaie. Igandean “Josito” memoriala egingo du Atletismo Klubak. Lasterketa hori egitarauan sartu zezaketen galdetu ziguten eta guk baiezkoa eman genien.

“Uste dugu aurten apustu potentea egin dugula”

Ostirala apur bat potentziatu behar genuela uste genuen, eta aurten nahiko egitarau oparoa prestatu dugu egun horretarako. Arratsaldeko seietan hasiko da programa, umeentzako mago batekin. Zazpietan txupinazoa izango da, txorizo dastaketarekin, eta Orbeko Etxeak Stars Wars-en jaialdia egingo du Udal Lanbide Heziketa Ikastetxeko aretoan. Uste dugu zerbait interesgarria izango dela hori, ikusteko modukoa. Gero, 20:30etan, bi aizkolari arituko dira Alberto Acero plazan, jo ta ke. Zaldi probak ere egongo dira.

“Ostirala apur bat potentziatu behar genuela uste genuen, eta aurten nahiko egitarau oparoa prestatu dugu egun horretarako”

Hamarretan kontzertuak hasiko dira. Laudioko Patx&Run taldea izango da lehena. Laudioko eta Aiaraldeko taldeei jotzeko aukera ematea inportantea dela uste dugu. Talde horren ostean The Bon Scott Band-en txanda izango da. Ez dakit denok ezagutzen dugun taldea den edo ez, baina AC/DC taldearen bertsioak egiten dituzte eta estatu mailan nahiko famatuak dira, eta nahiko onak. Uste dugu jendea erakartzeko moduko taldea izan daitekeela. Hori izango da ostirala. Ikusi daitekeenez, ekintza sorta oparoa egongo da bost-sei orduko tartean.

Larunbatean, beti bezala, Sukalki Lehiaketarekin emango zaio hasiera egunari. 9:30etan izango da izen-ematea, eta 13:00etarako aurkeztu behar da sukalkia egina. Sukaldatutakoa jateko ordua izango da gero, Herriko Plazan edo elizako arkupeetan, 14:30-15:00ak aldera. Bazkalostean beti egiten dugu bingoa, diru apur bat lortzeko. Ondoren, jokoak egingo ditugu Alberto Acero plazan. Igel jokoa, aulkiaren jokoa... nahiko joko dinamikoak eta parte hartzeko modukoak. Jokoetan parte hartu nahi ez duten pertsonei begira Azoka, Indriska, Alboka eta Haitzulo tabernekin hitz egin dugu musean jokatzeko baliabideak jarri ditzaten.

Arratsaldeko zortzietan kalejira hasiko da batukadarekin. Alberto Acero plazatik abiatuko da, Iluntzeraino. Sorgin, Meca, Keska eta Iratxo tabernetatik igaroko da gero, ondoren Txio XIItik bueltatzeko. Hamaiketan kontzertuak egongo dira, Skasti eta Honat, eta hor bukatuko litzateke jaia.

Baten batek pentsa dezake ekintza horiek guztiak koadriletako kideei soilik zuzenduak daudela. Horrela al da?

Ez. Edonork hartu dezake parte. Sukalki lehiaketan, adibidez, jende nagusiak ere parte hartzen du. Ez da guretzat bakarrik egiten dugun zerbait, jende orori irekia dago. Urte batzuetan zenbait txokotako ateak jo genituen, eta batzuk animatu egin ziren lehiaketan parte hartzera. Eta eguraldi ona izango dugunez (edo hori dirudi behintzat) ba ea jendea animatzen den.

Txosna ere jartzen duzue. Nora doa bertan lortutako dirua?

Udaletik 6000 euroko diru-laguntza jasotzen dugu, baina normalean kontzertuean diru askoz gehiago gastatzen dugu. Hori dela eta auto-finantzaketa egiten dugu. Boletoak saltzen ditugu, baina nahiko lan handia da horiek saltzea. Normalean 1300-1400 boleto ateratzen ditugu, eta koadrila bakoitzak 100 saltzeko ardura hartzen du, eta bada lana.

“Udaletik 6000 euroko diru-laguntza jasotzen dugu, baina normalean kontzertuean diru askoz gehiago gastatzen dugu. Hori dela eta auto-finantzaketa egiten dugu”

Auzo guztietako jaietarako diru bera ematea normala dela deritzogu, baina uste dugu Udalak apur bat gehiago eman ahalko lukeela. Ez da kexa bat, aipatzea baino ez: udalak 6000 euro ematen dizkigu eta guk 9000ko aurrekontu bat ari gara maneiatzen. Kontzertuak gaizki ateratzekotan dirua galduko genuke, eta hori ulertu egin behar da.

Askorentzat abuztuko jaien “beroketa” gisakoak dira Sanpedropekoak. Antolakuntzatik ere hala ikusten duzue?

Ba bai. Jai-nahia pizten duen lehen pausoa da. Hemendik hilabete eta erdira izango ditugu Laudioko Jaiak, eta ikusten dugu giroa berotzen ari dela. Nire ustez San Joanetako jaietan hasten da jendea mugitzen. Uste dut denok gaudela ados Laudio azken urte hauetan putzu sakon batean sartua egon delaren baieztapenarekin (jaiei edota larunbatei begira batez ere). Baina iragan asteburuko San Joanetan jende mordoa egon zen, eta horregatik guk ere espero dugu asteburu honetan jende ugari bertaratzea, nahiz eta eguraldi ona egin eta jende asko aian hondartzara joateko hautua hartu.

“Iragan asteburuko San Joanetan jende mordoa egon zen, eta horregatik guk ere espero dugu asteburu honetan jende ugari bertaratzea”

Laudioko Jaietarako, baina, hilabete eta erdi falta da oraindik. Jaiak Koordinakundetik zer nolako lana egitea egokituko zaizue denbora tarte horretan?

Lan zaila jada egin dugula esango genuke: dena lotzea (udalarekin bilerak egin, paper guztiak bete...). Urte osoko lana izan ohi da hori, baina gutxi gora behera badugu egina.

Azken hilabete honetan azkeneko kontutxo batzuk falta zaizkigu: behar ditugun materialak erosi, jokoetarako baliabideak lortu...

Eta koadrilen partetik zer nolako ekintzak egingo dituzue aurtengo Laudioko Jaietan?

Aurtengo jaiei begira aldaketa bat egitea adostu genuen, azaroa partean. Dinamika eroso batean sartuak geundela uste genuen, jai guztietan aurreko urteko planteamendu bera kopiatzen genuelako. Eta horri buelta bat ematea interesgarria izango litzatekeela uste izan genuen.

“Dinamika eroso batean sartuak geundela uste genuen, jai guztietan aurreko urteko planteamendu bera kopiatzen genuelako. Eta horri buelta bat ematea interesgarria izango litzatekeela uste izan genuen”

Karaokea txupinazo egunean

Horregatik, hainbat aldaketa egin ditugu. Aurten, adibidez, karaokea txupinazo egunean izango da. Petsatu dugu egun horretan arratsaldeko seiak aldera jendea nahiko animatua egongo dela, eta agian beste egunen batean baino kantatzeko lotsa gutxiago izango duela. Horri lotuta sorpresaren bat edo beste egotea ere aurreikusi dugu, baina momentuz ez dugu ezer aurreratuko.

Txupinazoa baino lehen egiten den gosaria bere horretan mantenduko da. Gosariaren ostean ekintza bat egitea aurreikusi dugu, baina oraindik ez dugu guztiz zehaztua.

Gaztetxera joateko kalejira eta festa tematikoa

16an Gaztetxeko bazkaria baino lehen poteo bat antolatzeko asmoa dugu, oraindik lekua zehaztu gabe ez dagoen arren. WhatsApp-aren bidez leku batean biltzea da asmoa. Bazkari horri begira uste dugu ez garela koadriletako kide guztiak joaten, agian bost lagun edo goazela. Horregatik, koadriletako kideak batzea ikusten genuen. Kontua ez da beti zure koadrilako kideekin egotea, jende guztiarekin egon eta harremantzea baizik. Gau partean, berriz, festa tematikoa eta barbakoa egongo dira. Galtzagorri koadrilak bideratuko du ekintza hori.

Cluedo-poteoa” eta paella lehiaketa

17an nobedade bat daukagu: paella lehiaketa. Goizean paella sukaldatu eta bazkaldu egingo dugu gero, Sapedropekotan egiten dugun bezala. Gero, arratsaldean, “Cluedo-poteo” deitu dugun jolas bat egingo dugu. Hiltzailearen jolasaren tankerako zerbait izango da: Parte hartzaileei papertxo batzuk emango dizkiegu kalejiraren hasieran, zeinetan hil behar duen pertsonaren izena agertuko den eta baita nola hil behar duten ere. Hiltzeko modua txupito bat edatea izango balitz (adibide bat jartzearren) hil behar duzun pertsonari txupito batera gonbidatzen hil egingo zenuke. Eta hiltzailea erahildakoak duen papertxoa hartuko luke.

Helburua, azken finean, harremanak sortzea da. Agian ez dugu paperean azaltzen zaigun pertsona ezertaz ezagutuko, baina jolasaren bidez nor den jakin eta berarekin harremanetan jarri beharko gara derrigor. Tabernaz-taberna giro ona sortzeko modu bat izan daiteke.

Gabarra jaitsiera eta Koadrilen Eguna

Jaien bigarren txanpan Untzueta Dantza Taldeak antolatzen duen jaia errespetatzen dugu. Gabarra jaitsiera ere egun horretan izango delakoan gaude, eta aproposa iruditzen zaigu ekintza hori Koadrilen Egunetik Berakatz Egunera pasa izana. Koadrilen Egunean jendea agian ez da ibaian sartu eta bustitzera animatzen, bai ordea ikusle moduan aritzera. Horregatik, Berakatz Egunean izanda agian jende gehiago animatu daiteke parte hartzera. Eta hori izango da gure nahia: koadrilak gabarrak egitera bultzatzera. Egun polita izan daiteke.

Koadrilen egunean, berriz, poteo bat edo “koadrilak biltzeko aitzakia bat” egongo da, bazkarira joan baino lehen. Gero, arratsaldean, jokoak egingo dira, baina ez dira zezen-plazan izango, Aldaikoerreka eta Herriko Plaza artean baizik. Hainbat joko egongo dira, denetarikoak: bustitzekoak, ez-bustitzekoak, salto egitekoak... ez dago guztiz lotuta, baina nahiko bideratua dago.

Hori da, momentuz, esan dezakeguna.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide