GONTZAL MUGURUZA eta IKER YUSTE (Laudio, 2001) Herriaren Eskupilota Elkarteko bikote dira. Infantil B kategorian jokatzen dute eta aurten Euskadiko Eskolarteko jokoetan txapeldunak izan dira.
Lehenik eta behin zorionak bioi. Zuen partiduetako emaitzak ikusita oso pilotari onak zaretela ikusten da. Hala ere, zer sentitu zenuten Euskadiko txapelketa zuek irabazi zenutela konturatzean?
Gontzal: Ba azken partidua galtzen hasi ginen eta ez nuen espero azkenean irabaziko genuenik, baina izugarrizko poza hartu nuen eta ilusio handia sentitu nuen.
Iker: Ez nuen pentsa irabaziko genuenik, baina konturatu nintzenean garaipena gurea zela poz handia sentitu nuen. Hasieran ez nuen sinisten.
Horrelako txapelketa garrantzitsu gehiago irabazi dituzue? Noiz? Zeintzuk?
Gontzal: Bai, aurreko urte batzuetan Nafarroan ere txapelketa garrantzitsuak irabazi ditugu. Baina Euskadiko txapelketa irabazten dugun lehen aldia izan da.
Iker: Bai, lau bider jokatu dugu Euskadiko txapelketa, baina aurtengoa da gure lehen garaipena. Aurrekoetan behin 2. postua lortu genuen eta birritan 3.enak, baina aurten irabazleak izan gara.
Zenbat entrenatzen duzue?
Gontzal: Ni egunero nago frontoian eskupilotan jokatzen
Iker: Ni, ordea, astean bi orduz bakarrik entrenatzen dut normalean
Zer motatako entrenamenduak egiten dituzue?
Gontzal eta Iker: Normalean entrenatzaileak esaten digu zer entrenatu. Egunaren arabera gauza bat edo bestea egiten dugu. Batzuetan sakeak praktikatzen ditugu, beste batzuetan, aldiz, eskuz eskukoa, edo bata bestearen aurka.
Zenbat urterekin hasi zineten eskupilota jokatzen? Zergatik?
Gontzal: 5 urte nituenewan hasi nintzen eskupilotara jokatzen. NI batez ere, nire anaia hasi zelako jokatzean eta aitak azkenean ni ere apuntatu ninduen. Eta horrela gaur egun arte.
Iker: Ni azkenean beti nengoelako Gontzalekin eskupilotan jokatzen eta azkenean apuntatu nintzen.
Zein posizioan jokatzen duzue? Zein da gogorragoa?
Gontzal: Ni atzean eta Iker aurrean, baina hurrengo urtean aurrean jokatuko dut. Entrenatzailearen arabera hobeto jokatzen dut aurrean eta horregatik aldatuok naiz. Gainera, atzean jokatzea gogorragoa da. Berez jokoa bertan dago, pilotakada gehienak atzekoek ematen dituzte, aurrekoak tantoak egiteko edo jokaldia ixten baitute normalean.
Horrek esan nahi du, hurrengo urtean Gontzal aurrean jokatzen baldin baduzu, bikote izateari utziko diozuela?
Gontzal eta Iker: Bai, zoritxarrez bai. Urte asko daramatzagu elkarrekin bikote moduan jokatzen eta aurten ziurrenik gure azken urtea izan da.
Eskupilotan bikote izateaz gain, lagunak ere zarete, ezta? Horrek laguntzen al du?
Iker: Nik uste txikitatik bikotean jokatu dugunez oso ondo ulertzen garela frontoi barruan. Azkenean oso ondo moldatzen gara bion artean eta hainbeste urte daramatzagu elkarrekin badakigula apur bat besteak zelan jokatuko duen.
Etorkizunari begira non egotea gustatuko litzaizuke?
Gontzal: Oraindik nik ez dakit, oso gazteak gara horretan pentsatzeko. Baina, noski, argi dago nire ametsetako bart profesionalera heltzea dela.
Iker: Joe profesionalera iristea izango litzateke la....
Zer da kirol honetatik gehien gustatzen zaizuena? Eta gutxien?
Iker: Aurkariekin dugun harreman. Adiskidetasun handia dago gure artean eta gainera oso ondo pasatzen dugu. Ah! Noski, gainera irabazten dugu! Kar, kar, kar. Gutxien agian galtzea.
Gontzal: Bai nik Iker bezala pentsatzen dut kiroltasunez jokatzen dugu eta asko disfrutatzen dugu. Gainera, nik orain ez dut hain gaizki hartzen galtzen dugunean, izan ere, txikiago nintzenean asko haserretzen nintzen. Hala ere kirol honetatik gutxien gustatzen zaidana, Ikerrek esan duen moduan, galtzea da.
Partidu bat jokatzen hasi baino lehen zer egiten duzue? Hau da, sekreturik baduzue kontzentrazioa aldetik edo...?
Gontzal: Partiduan pentsatu eta kontzentratu
Iker: Beno Gontzal, lehenik eta behin, berotzen hasten garenean beti tontoarena egiten dugula esan behar dugu. Hori bai, partiduaren ordua gerturatzen doan heinean orduan bai jartzen garela apur bat serioago.
Partiduren batean gertatu zaizuen bitxikerien bat kontatuko diguzue?
Gontzal: Bitxia bitxia ez, lesioaren bat agian. Nik eskuetan izan dut lesioren bat baina bestela ezer ez.
Iker: Nik lesio gehiago izan ditut: belauna, eskua, sorbalda...