Bihar, larunbata, Aldai plazako karpan elkartuko dira “La ventana de Laudio” facebook taldeko jarraitzaileak. Eguna ospatzeko, programa zabala antolatu dute. Besteak beste, elikagaiak jasotzeko elkartasun mahaia jarriko dute, jokoak, musika eta sorpresa desberdinak egongo dira, antolatzaileen arabera.
Jaia eguerdiko 12:00etatik gaueko 23:00etara luzatuko da. Tartean, karpan bertan janaria egingo dute bertaratutakoentzat. Zentzu horretan, jarraitzaileak egunean zehar pasatzera animatu nahi izan dituzte.
“La ventana de Laudio” facebook taldea orain dela lau hilabete sortu zuten elkartu ziren lau pertsonek. Talde itxia bada ere, zabalik dago atxikitu eta bertan parte hartu nahi duenarentzat. Bertan Laudioko argazki historikoak partekatzen dira, hala nola gertakizun eta bitxikeria historikoak ere. Guztira 7000 argazki baino gehiago partekatu dira arduradunen arabera, eta taldeak 2000 jarraitzaileen muga gainditua du jada.