Jaurlaritza azken asteetan Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen ari den lehen hezkuntzako 3. mailako azterketen kontra agertuko da bihar Aiaraldeko Gure Hezkuntza Plataforma, Laudioko Herriko Plazatik abiatuko den kalejiran.
Hezkuntza Plataformen Topagunearen “Denok gara 3. maila” dinamikaren barruan kokatzen dute ekimena eta hainbat guraso, irakasle eta ikasle batu ditu haien hitzetan “erabat inposatua eta antipedagogikoa” den azterketa horren kontra.
Kalejiran baina, hezkuntza sistema propioa eraikitzeko aldarria izango da nagusi.
Planto egiteko deialdia
Hori ez da plataformak antolatu duen ekimen bakarra, izan ere, bere jaiotzatik hamaika izan dira antolatutako hitzaldi eta ekimenak. Etxaurren Ikastolan, Laudio Ikastolan, Zabaleko eskolan eta Aresketa Ikastolan 3. mailako probei planto egiteko hainbat ekimen egin dituzte azken asteetan, sinadura bilketak besteak beste.
LOMCEri planto egitea 3. mailako ikasleen familien kezka baino, hezkuntza komunitate osoarena ere badela adierazi dute plataformako kideek.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak EAEko 30 ikastetxeetan jarri du martxan proba diagnostikoa. Momentuz ez zaio Aiaraldeko ikastetxe bati ere ez egokitu proba hori egitea, baina oraindik egokitu ahal zaio.