Ekainaren 10ean, asteazkena, sinatuko dute genero-indarkeriaren biktima diren emakume laudioarrei laguntza emateko erakunde arteko protokoloa. Eguerdiko 13:00etan izango da, eta bertan Osakidetza, Ertzaintza, Hezkuntza Saila, Foru Aldundia eta Udaleko ordezkariek parte hartuko dute.
Protokoloa maiatzaren 22an onartu zuten Udal Osoko Bilkuran. Orain arteko protokoloa barne egiturei zuzenduta bazegoen ere, berriarekin kanpo eragileekin elkarlana sustatuko dute.
Diagnostikoa egin eta erredakziorako 15.245 euro bideratu ditu Udalak. Kopuru horren %70a, 11.434,50 euro, Emakundek ordaindu du. Protokoloa egiteko hainbat elkarrizketa gauzatu ditu Red Kuorum enpresak 2013 eta 2014 urteetan. Besteak beste, zerbitzuak erabiltzen dituzten 15 emakumerekin mintzatu dira enpresako kideak. Horren harira, Helena Ortiz de Lejarazu soziologoak elkarrizketa horien ondorioak azaldu zituen protokoloa onartu zen udalbatzan.