Kepa Sojo zinemagilea izendatu dute Laudioko Andaluzia, Extremadura, Galizia eta Gaztela Leon Etxeek ekainaren 12tik 14a bitarteko asteburuan ospatuko duten Herrietako Kultur Jaialdiko pregoilari.
30. edizioa egingo dute aurten eta, urtero bezala, musika, folklorea eta gastronomia izango dira ospakizunen ardatza Herriko plazan.
Ostiral arratsaldean Gasteizko etxe erregional ezberdinetako taldeen emanaldia eskainiko dute 19:30ean eta 22:00etatik aurrera Gabai taldearen emanaldiak girotuko du txosna gunea.
Larunbatean egitarau zabala
Larunbatean berriz 11:00etan zabalduko dituzte txosnak eta 13:00etan pregoia irakurriko du Kepa Sojok.
Segidan, 13:30etan, Itxarkundia dantza taldearen emanaldia ikusteko aukera egongo da eta ondoren agintarientzako otamena eskainiko dute.
Arratsaldeko programa 18:00etan abiatuko da Txitxarrita Kutxufletak prestatutako haurrentzako emanaldiarekin. Ondoren, 19:00etan, Oihane Perea eta Izar Mendiguren bertsolarien emanaldia programatu dute eta, 22:00etatik aurrera, Amigos del Swing orkestra arduratuko da larunbat gaua girotzeaz.
Igandean folklore bateratua
Igandean azkenik folklore jaialdia ospatuko dute 12:00etatik aurrera. Gaztela-Leon Etxeko San Fernando taldea, Andaluzia Etxeko Algarabia taldea, Extremadura Etxeko Virgen de Guadalupe taldea eta Galizia Etxeko Espalladoiro taldea arituko dira emanaldi bateratuan.
Bitartean, 11:00etatik aurrera, eskualde bakoitzeko produktuen erakusketa eta salmenta gauzatuko dute plazan.