EGOITZ URIARTE ARBAIZAGOITIA (Laudio, 1978) Green Valley-ko kidea da. Talde horrekin Kolonbia eta Mexikotik bira egitera joateko prestatzen dagoela egin diogu elkarrizketa. Baina beste hainbat proiektutan ere aritu izan da Uriarte: Laudion sortu zuen bere lehen taldea (Okerreko bidean). Orain Bartzelonan bizi da eta beste hainbat proiektu musikal garatu ditu, Facunda tartean. Egitasmo pertsonalagoak ere baditu esku artean.
Amerikatik bira egitera zoaz Green Valley taldearekin, horren urruan iritsiko zinetela uste zenuten?
Halako proiektu batean sartzen zarenean proiektu horretan sinesten duzulako da. Fedea edo antzeko garatzen duzu proiektuarekiko. Hamar urte daramatzagu taldearekin, eta ilusioa da hasieratik duguna. Ez duzu arrakastan pentsatzen. Proiektuan sinistu egiten duzu, abestiak sortzen dira, diskoak argitaratu... hobetzen doa proiektua, eboluzionatzen, heldutasunera iristen. Formula geroz eta gehiago zehazten da eta pertsonalki taldekideen arteko harremanak ere hobetzen doaz. Lana eta lana eginez eta egitasmoari gogor eusten efektuak nabaritzen hasten dira.
“Green Valley bezalako proiektu batean sartzen zarenean proiektu horretan sinesten duzulako da”
Gasteizen genbiltzan eta Bartzelonara joan ginen, proiektuan sinesten genuelako eta egunen batean eboluzioren bat egongo zela pentsatzen genuelako. Eta orain dela urte pare batetik hona badirudi jende askok entzun gaituela, Espainiatik nahiko mugitzen gara eta aretoak betetzen dira, jendeak abestiak kantatzen ditu, kamisetak erosten... “fan” fenomeno hori igartzen da, eta kristoren ilusioa sortzen du.
Arrakasta horrek uzten al dizu musikari moduan dituzun bestelako proiektuak garatzeko tarterik?
Ba bai. Orain juxtu kaskoak jarriak nituen. Nire kabuz ere abestiak eta diskoak egiten ditut, nire mundu pertsonalean. Diskoak argitaratzen ditut noizean behin, euren artean koherentzia bat mantentzen duten 10-12 kantu biltzen ditudanean. Ez ditut, baina, zuzenekora eraman, oso proiektu autobiografikoak direlako, intimoak. Artisau prozesu baten modukoa da abestiak egin eta nahastea. Nire koadroak dira, zentsu batean. Ildo hori beti dut parean, eta nire bizipen pertsonalak bertan jartzen ditut. Zuzenekoei dagokionez, Green Valley-rekin indartsu gabiltza eta nire kontu intimoa beti dago hor. Baina noizbehinka jendeak eskatu izan dit zuzenekora eramatea, eta baliteke egunen batean zentsu horretan zerbait umila prestatzea.
“Diskoak argitaratzen ditut noizean behin, euren artean koherentzia bat mantentzen duten 10-12 kantu biltzen ditudanean”
Nik grabatzen ditut instrumentu guztiak, nik nahasten ditut, etxeko ordenagailuarekin eta horrela fikziozko talde moduko bat sortzen da. Badaude nire musika gustuko izan duten musikariak eta talde hori sortzera prest agertu direnak. Baina buztingintza izango balitz bezala hartzen dut, nire koadroak izango balira bezala. Nire buruan ditudan abestiak entzun nahiko nituzkeen bezala jartzen ditut, eta oso prozesu pertsonalen inguruan hitz egiten dut. Urte bat edo bi pasatu ostean agian jada ez naiz abesti horietan kontatzen diren istorioekin identifikatzen, agian beste puntu batean nago... nire argazkiak bailiran hartzen ditut, eta badira konpartitzeko ere. Portada jartzen diet eta saldu edo oparitu egiten ditut, eta jendeak komentatzen dit abesti batek edo besteak hunkitu egin diola... ez dakit, baliteke noizbait zuzenean jotzeko ere zerbait prestatzea. Askotan buruari bueltak ematen dizkiot hori era duin batean nola egin daitekeen pentsatzen.
Bartzelonara bizitzera joateak aldaketa ekarri du zure musika egiteko eran?
Green Valley-ren kasuan eman da bilakaera bat, baina letretan Anderrek (abeslariak) oso ondo jartzen ditu bere istorio eta kontu pertsonalak, eta gure (musikarien) lana horretan laguntzea da.
Nire proiektu pertsonalei begira ba bai. Horrelako hiri batekin dudan harremana gorroto-amodio istorio bat da. Oso handia da, mota askotako jendea ezagutzen duzu. Taberna batean lan egiten igaro ditut urte asko eta jende bitxia topatzeko aukera izan dut, denetarikoa. Bizitzarekiko, harremanekiko eta mundu zein unibertsoarekiko ikuspuntuak handitu egiten dira. Ez zara atzo zinena, ez eta bihar izango zarena ere. Halako hiri batean horrelako prozesuak oso arin pasatzen dira. Aste batean gauza asko pasatzen dira, urte batean are gehiago, edo hori dirudi.
Urrun geratu dira Laudion musikari moduan emandako lehen pausoak?
Laudioko Lamuza Parkean hasi nintzen, txistua, atabala eta folkloreari lotutako bestelako instrumentuak jotzen. Fanfarrearekin ere kutxa jotzen aritu izan nintzen. Eta 13-14 urterekin batzuk mundu horretatik desmarkatu ginen. Lehengo gitarra elektriko eta anplifikatzaile merketxoak erostea, sasi-bateria bat muntatzea, lehen maketatxoa egitea, Laudio bezalako herri batean lehen kontzertua izan eta ostia txar eta gozamen guztiak izerditzea... Egia esan, ez dakit ondo zergatik. Batzuk kirola hautatu zuten, dantza beste batzuek... eta nire kasuan nire inguruko lagunekin musikaren munduan sartu ginen, zirraragarria zelako seguru asko. Zuzenekoak ikusten guk ere taula gainean egon nahi genuela nabaritzen genuelako edo.
“Laudioko Lamuza Parkean hasi nintzen, txistua, atabala eta folkloreari lotutako bestelako instrumentuak jotzen. Eta 13-14 urterekin batzuk mundu horretatik desmarkatu ginen”
Orduz geroztik hainbat proiektutan aritu izan zara.
Bai. Baina euren artean ez dute zer ikusirik, estilo ezberdinetakoak dira. Musikari moduan ez naiz instrumentu zehatz batean espezializatu. Gitarra apur bat jotzen dut, bateria apur bat ere... oso kuriosoa nahiz, ez naiz ezertara ixten. Arima baldin badauka niri estiloa zein den ez dit axola, ez naiz sektarioa. Emozioak beti dira emozio. Betidanik gustatu izan zait musika ezberdinak frogatzea, mota askotako musika entzuten dut ere. Proiektuetan egon naizenean beti izan da feelinga izan dudalako pertsonekin, pertsona horietan sinistu egin dudalako, autentikoa zela iruditu zaidalako, estilo musikalaren gainetik.
“Arima baldin badauka niri estiloa zein den ez dit axola, ez naiz sektarioa. Emozioak beti dira emozio”
Green Valley-n ere ez zara instrumentu bakarra jotzera mugatu.
Hasieran fanfarrean kutxarekin hasi nintzen, bateriara igarotzeko gero. Instrumentu horrekin ondo moldatzen naizela esango nuke, nahiz eta kristorena ere ez naizen, diziplina asko falta zaidalako. Baina oso kuriosoa izan naiz beti. Hori dela eta gitarrari ere heldu nion 16 urterekin, gero baxuarekin ere, perkusioa... instrumentuak jo eta konposizioen bidez istorioak kontatzeko teknika minimo bat garatzeko bezainbeste.
Green Valley taldean gitarra-jole moduan sartu nintzen lehenbizi, eta horrela aritu izan nintzen bizpahiru urtez. Lehengo diskoa kaleratu genuen. Ondoren bateria-joleak taldea utzi zuen eta Gasteizko jaietako kontzertua gainean genuenez ez genuen tarterik kide berri bat bilatu eta errepertorioa irakasteko. Nik abestiak buruan jada banituenez horretan jarri nintzen. Disko pare bat egin genituen horrela, zazpi urte. Azken diskorako baxua ere grabatu nuen, eta urte batez taldean ibilitako baxu-joleak joan behar izan zuen eta ni geratu nintzen instrumentu hori jotzen. Eta horrela eman dut gaur egun arte.
Amerikatik itzultzean, zer asmo?
16an Madrilera bueltatzen gara. Madriletik Bartzelonara joango gara. Aurten kristoren lana daukagu. Etorri bezain laster ekingo diogu Espainiatik bira egiteari.
Nire kabuz ere banabil abestiak osatzen. Baditut sei-zazpi abesti esku artean, eta oso gustura ari naiz geratzen nahasketekin eta abestiekin kontatu nahi dudanarekin, nire barneko egiarekin ahal den neurrian konektatuaz. Nire buruarekin zintzoa izaten. Zer topatu nahi dudan eta hainbat gauez halako gauzak egiteko esna zergatik geratzen naizen azalduaz. Auto-hazkuntza moduko bat da.
“Uda ostean espero dut ideia berri horiek guztiak biltzeari ekitea, horretan nabil”
Uda ostean espero dut ideia berri horiek guztiak biltzeari ekitea, doinu eta erritmo Andeetako zein Afrikako ere uztartuaz. Bartzelona bezalako hiri batek halako nahasketak egitea eragiten dizu. Horretan nabil.
Green Valley formatu akustikoan, Egoitz Uriarte gitarra jotzaile moduan dagoela:
[video:https://www.youtube.com/watch?v=ebZZpVFUQDY]
Egoitz Uriarteren "La vida es ahora" barkako diskoko abesti baten bideoklipa:
[video:https://www.youtube.com/watch?v=KYFM8tIuiFs]