SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak adierazi du etsituta dagoela Javier de Andres ahaldungaiak ez duelako gauzatu 2 milioi euroko inbertsioa aurten parkea berreskuratzeko.
Oharrean plataformak adierazi du: “Pena ematen digu esandako hitzak, adierazpenak eta aurtengo proiektuak ezer ezean geratzea, Javier De Andresek nahiago izan baitu konpromiso zehatzik ez hartzea.
Uste dugu plataformaren borondate onarekin jokatzen saiatu dela denbora irabazteko eta gure desadostasuna azaldu nahi dugu jokaera horrekin.”
Itxaropena oraindik
Nahiz eta Biltzar Nagusietan adostutako diru kopurua ez den inbertituko aurten, behintzat Arabako Foru Aldundiko ahaldungaia aldatu arte, SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak modu positiboan baloratu du egindako lana.
Laudioko herritarrek ez ezik, udal talde guztiek ere babestu dute plataformaren proiektua eta Biltzar Nagusietako oposizioak gauza bera egin du.