"Besoak zabalik espero ditugu laudioar guztiak Galiziar Letren Egunean"

Erabiltzailearen aurpegia Irati Moreno 2015ko mai. 13a, 16:25

RAÚL RODRÍGUEZ  (Laudio 1979) Laudioko Galiziar Elkarteko kidea da, nahiz eta bere Galiziarra ez izan. Gaiteroa ere bada. Urtero Letra Galiziarren eguna antolatzen laguntzen du. Aurten maiatzaren 16 eta 17an ospatuko dute jaia.

Orain dela zenbat urte hasi zineten galiziar letren eguna antolatzen?

RAÚL RODRÍGuEZ  (Laudio 1979)

Raúl Rodríguez Laudioko Galiziar Elkarteko kidea da, nahiz eta bere Galiziarra ez izan. Gaiteroa ere bada. Urtero Letra Galiziarren eguna antolatzen laguntzen du. Aurten maiatzaren 16 eta 17an ospatuko dute jaia.

Orain dela zenbat urte hasi zineten galiziar letren eguna antolatzen?

Galizian 1963. urtean ospatu zen lehenengo aldiz, baina Laudioko Galiziar elkartea beranduago sortu zen: 1969.urtean, hain zuzen ere. Elkartea sortu zen lehenengo urtetik ospatzen dugu festa hau. Santiago egunarekin batera betidanik ospatu dugun festa da.

 Zergatik da garrantzitsua horrelako egun bat egitea?

Alde batetik, ospatu beharreko festa delako, Galizia osoan festa ofiziala baita. Eta gainera, harro egoteko festa eguna delako, bere oinarria kultura baita. Egun hau urtero Galiziako idazle baten omenean ospatzen da eta aurten Xose Filgueira Valverderi egingo diogu omenaldia.

Galiziar elkartea, azken finean, Galiziako luzapen bat da eta hango kultura hemen ezagutaraztea da gure betebeharra. Zorionez euskaldun asko dira galiziar kultura gustuko dutenek.

Zer da aurten antolatu duzuena?

Gutxi gorabehera urtero egiten ditugun gauzak dira, baina, aurten ekintzak kalera atera nahi izan ditugu. "La Granja" enparantzan egingo ditugu ekitaldi guztiak. Maiatzak 16an goizean-goiz umeentzako marrazki txapelketa izango dugu, umeentzako puzgarriekin eta guzti. Eguerdian gaitapoteo bat egingo dugu Trescantos-etik etorritako Arde'llo Eixo galiziar taldearekin. Arratsaldez "Magic the gathering" txapelketa gazte eta helduentzat, eta geroago musika eta dantza; Muineira tailerra ikasi nahi duten guztiontzat, Baisalarekin dantza saioa eta amaitzeko DJ eta queimada.

Igande goizean berriz folklore ekitaldiak izango dira, Itzarkundia Dantza Taldea eta Arde'llo Eixo taldeen eskutik. Eta sekulako muskuilukada bat prestatuko dugu kontsumizio bakoitzarekin muskuilu platera debalde jarriko baitugu. Aldi berean Galiziar elkartean Galiziako buztingintza esposizioa eta Xose Figueira Valverderen biografiaren posterrak izango ditugu erakusgai.

 Zer nabarmenduko zenuke egitarau osotik?

Ba urtero aipatzekoa da umeen marrazketa txapelketan apuntatzen diren umeen kopurua. 100 neska-mutil parte hartu oi dute, eta aurten ez dugu gutxiago espero. Eta horretaz gain folklore ekitaldiak aipatzekoak dira. Gainera aurten kanpotik etorritako talde bat izango dugu gurekin eta beraiekin sekulako festa ospatu nahi dugu; bai gaitapoteoan, bai Muineira tailerrean eta baita igandeko folklore ekitaldian. Laudioar guztiak horren partaide izan daitezen nahi dugu.

Zer nolako lana suposatzen du horrelako egun bat antolatzeak?Sekulakoa. Oso zaila egiten da guztia antolatzea, kontutan izanda gure denbora librean egiten dugula. Guztioi gustatzen zaigu festa... baina gero laguntzaileak aurkitzea ez da erreza. Hala ere, denboraldi bat daramagu non galiziar elkarteko zuzendaritza eta folklore taldea bat egin duten eta gero eta gazte gehiago gara laguntzeko prest gaudenak.

 Zer esango zenioke laudioarrei, egun bi horietan, antolatutako ekintzetan parte hartzeko?

Asteburu osoan zehar jende mota guztietarako ekitaldiak izango ditugu. Umeak marrazketa txapelketan dauden bitartean, gurasoek jarriko dugun txosnan egon daitezke ribeiro bat edaten. Arratsaldean gainera dantza mota guztiak dantzatzeko aukera izango dugu eta gaitapoteoan gaita jotzea probatu nahi dutenek aukera izango dute. Laudio besoak zabalik izan zituen Galiziatik etorri ginenean, eta modu berean guk laudioar guztiei berdin espero ditugu galiziar letren egunean.

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide