SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak inbertsio plana proposatu du. Horretarako herriko alderdi politiko guztiekin akordio batera heldu da.
Plataformako talde teknikoek -arkitektura, botanika- 2.000.000 eurorekin gauzatu daitezkeen inbertsioen plana osatu dute. SOS Laudioko Lamuza parkeak uste du 2015ean hobekuntza nabarmenak egin daitezkeela baldin eta Foru Aldundiak dirua bideratzen badu.
Arabako Foru Aldundiaren zain
Arabako Biltzar Nagusiek Lamuza Parkean 9 milioi inbertitzeko ekimena adostu zuten. Akordioaren arabera 2 milioi 2015ean gastatuko lirateke.
Baina momentuz Javier de Andrések gidatzen duen erakundeak ez du dirurik prestatu horretarako eta legealdia bukatzear dago.
SOS Laudioko Lamuza Parkeak espero du Ahaldun Nagusiak erakutsitako interesa praktikara eramatea.