Laudioko Udalak gaur goizean emandako prentsaurrekoan adierazi du Txilardiak koadrila izango dela aurtengo txupinera. Horrez gain, Fontso Larrazabal zinegotziak aurreratu du Andere Abesbatza arduratuko dela pregoiaz.
Txilardiak 19 neskaz osatutako koadrila da. Orain dela 10 urte sortu zen hainbat ikastetxeetako neskak elkartuz. Jai Koordinakundearen parte dira badira. Andere Abesbatzak, berriz, 25 urte beteko ditu aurten eta jai asanblean onartu dute haiek izatea aurtengo pregoilariak.
Zinegotziak aurreratu du aurten umeentzako eskaintza zabalagoa egongo dela. Aurreko urteetan, adibidez, Berakatz Egunean puzgarriak goizean bakarrik jartzen ziren eta aurten, ordea, goiz eta arratsalde bitartean egongo dira.
Kartel lehiaketaren harira, aurretiko aukeraketa egin dela aipatu dute udal-gobernuko kideek. Helduen kategorian guztira 28 kartel aukeratu dira eta horietatik jendeak 7ren artean bozkatu ahal izango du. Urte honetan umeen kategorian 40 kartel aurkeztu dira lehiaketara eta horietatik 8 izango dute irabazteko aukera. 15 kartelak udalaren web gunean argitaratuko dituzte herritarrek haien bozka eman dezaten.
Mota eta gustu ezberdinetako kontzertuak
Aurten Laudioko Jaiak estilo ezberdinetako musika taldeek osatuko dute. Abuztuaren 15ean, txupin egunean, Travellin Brothers taldea joko du. Talde leioar horrek “Rhythm and Blues” estiloko musika jotzen dute. Hamar urteko ibilbidean 6 diska kaleratu dituzte eta blues eta jazzeko hainbat jaialdi garrantzitsuetan jo dute.
San Rokezar egunean, berriz, 60 eta 70 urteetara salto egingo dute bertaratzen diren pertsona guztiek. Izan ere “Quinta Reserva”-koak igoko dira taula gainera.
Baserritar egunean Funky gaua ospatuko da. Bi talde ezberdinek alaituko dute gaua. Batetik Slingshot Kataluñako taldea eta bestetik, Priscila Band. Eskualdeko bi musikarik jotzen dute azken talde horretan, Julen Larritu eta Iskander Vega. Gainera, Funky gau horretan musika beltzak presentzia nabarmena izango du. Izan ere, Dj Cisco Kids bilbotarrak arduratuko dira gauari erritmoa emateaz.
Odoloste eguna berezia izango da aurten. Beat musika elektronikoko elkarte berriak "egun txiki" antolatu baitu. Arratsaldean Lamuzako Parkean umeentzako ekintzak egongo dira eta gauean, berriz, estatu mailako DJ ezagunek haien sesioak eskainiko dituzte.
Bukatzeko, aurtengo berbenak zeintzuk izango diren aipatu dute: Lotxo taldea, Aitzama, Lisker, Algara, Sugar Talde, Tximeleta eta Egan.