Maiatzaren 24an egingo da lasterketa Bilbotik Laudioraino eta ibilbideko hiru gune ezberdinetan laguntzaileak beharko dituztela adierazi dute antolatzaileek. Alde batetik, Lamuza Parkean, helmugan hain zuzen ere, goizeko 9:00etatik aurrera. Bestetik, Santa Lucian, ordu berean. Azkenik ibilbideko toki zehatzetan, hala nola, Peñaskal, Kamaraka... Hori dela eta, antolakuntzak batzar labur bat egiteko asmoa du maiatzaren 22an, ostirala, laguntzeko prest dauden pertsona guztiekin. Hitzordua plazan dagoen erabilera anitzeko aretoan izango da.
Batzarrean laguntzailearentzako kit-a banatuko da, zeinek frogaren kamiseta bat, txapela, petoa... edukiko dituen. Horrez gain, Laudio Herri krosa 2016ko dohaineko inskripzioa bat emango zaie laguntzaile orori. Bukatzeko, batzarrean lasterketaren egunean pertsona bakoitzak okupatuko duen tokia zehaztuko da. Antolatzaileek adierazi dute, pertsona bakoitzak ahal duen neurrian lagundu dezakeela, inolako konpromisorik gabe.
Lasterketaren nondik norakoak
Aurten lasterketak Bilbotik Laudiorainoko ibilbidea izango du. Hitzordua goizeko 9:30etan Bilboko Arenan zehaztu da eta 25 km-tako ibilbidea egin behar izango dute bertaratzen diren pertsonak. Ibilbidean ez dago aldaketarik, Pagasarritik barrena Ganekogorta mendiraino igo, Goikogane mendira pasa eta ondoren Gerra Zibilean Bilboko hiria babesteko eraikitako lubaki eta bunkerretatik jaitsiko dira parte hartzaileak. Aipatzekoa da, aurten lasterketa egiteaz gain, mendi martxa egiteko aukera ere badagoela.