Gizarte zerbitzuek egindako azterketaren ondorioz Laudion harrera pisu bat izateko beharra ikusi du Udalak. Udal jabetzako etxebizitzetariko bat erabiliko da horretarako, dagoeneko udal zerbitzuek kudeatzen dutena eta egun hutsik dagoena.
Larrialdi egoeran dauden pertsona eta sendiei egonaldi laburra eskaintzea izango da pisuaren helburua, etxebizitzarik ez izateak dakartzan egoera kritikoei aurre egin ahal izateko.
Genero indarkeriaren biktima izateagatik babesa behar duten emakumeei eta etxegabetzea pairatu dutenei zuzendutako beste pisu batzuk baditu Udalak eta beraz pisu berri hau ez da kasu horietan erabiliko.
4 hilabetez
Larrialdi pisu honetan egonaldiak 4 hilekoak izango dira gutxi gorabehera eta familia edo pertsona eta Udalaren arteko hitzarmen baten bidez arautuko dira.
Laudioko udal gizarte zerbitzuek izango dute pisu horretan hartzen diren pertsonak zaintzeko eta dagozkien prestazio eta laguntzak jasotzeko ardura.
Etxebizitza erabiltzeko ez da baldintza administratibo jakinik behar, familia edo pertsona larrialdi egoeran dagoela dioen gizarte zerbitzuen diagnostikoa eta txostena nahikoa izango da.
Orain pisua altzariz hornitzen ari da Udala eta ekainetik aurrera erabilgarri egongo da.