LABek, urtero bezala, Maiatzaren Lehena eskualde guztietan ospatzeko apustua egin du. Hartarako Laudioko Lamuza plazatik 12:00etan irtengo den Aiara mailako manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute sindikatutik.
Aurtengoa bereziki berezia dela azaldu dute, sindikatuak 40 urte bete baititu. Urteurren, gogorra, bestalde, langileriarentzat oso konplikatua den testuinguruan aurkitzen garelako, LABen arabera. “Urteak daramatzagu kapitalaren birmoldatzea eta pertsona ororen oinarrizko eskubideak nola zapaltzen dituzten ikusten”. Lan duinaren eskubidea, etxebizitza eskubidea, kalitatezko hezkuntza eta osasun unibertsalaren eskubidea... aberats batzuen poltsikoak betetzeko suntsituak izaten ari direla uste dute sindikatutik.
Era berean, Gobernuetatik zabaltzen dituzten itxaropen mezuekin langileen ilusioarekin jolasten ari direla deritzote. Izan ere, prekarietatea, langabezia eta pobrezia izurrite bilakatu dutela dio LABek, familia askoren egoera oso larria izanik.
Aiara eskualdea krisiak gogor jo duela iritzita, itxitako enpresak ekarri dituzte gogora. Hala ere, borroka zenbaitzu ere gauzatu eta irabazi dituztela defendatu dute sindikatutik, enpleguaren nahiz negoziazio kolektiboaren aldekoak kasu. Beste eredu sozial, politiko eta ekonomikoaren alde, lan zentroetako eta herrietako borrokak ezinbestekotzat hartuz, Euskal Herria langileen borrokari esker aldaketan dagoela uste du LAB sindikatuak.