COCEMFEk (Ezintasun Fisiko eta Organikoa duten Pertsonen Espainiako Konfederazioak) turismoa eta termak ardatz dituen bi programa antolatu ditu udarako. Egitasmoa %33 baino gehiagoko ahalmen urritasuna duten herritarrei zuzendua dago, baina %50etik gora dutenek lehentasuna izango dute. Nabarmendu dutenez, eskaera egiteko epea irteera eguna baino bi hilabete lehenago itxiko da.
Oporraldi hauek aisialdiaz gozatu ahal izatea eta bainuetxeek eskaintzen dituzten terapiekin pertsonen gaitzak hobetzea dute helburu. Guztira 34 txanda izango dira: 25 hondartzetara, barne-herrietara eta naturara izango dira; hiru bainuetxetara eta sei irletara. Opor-leku guztietan pertsona bakoitzaren egoerara moldatutako programazioa dago eta laguntzaileak daude.
Interesa duten pertsonek Laudioko Herritarren Harrera Zerbitzuan eta COCEMFEko web gunean izango dute informazio gehiago.