ELA, CCOO, UGT eta LABek deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar, hilaren 23a, etxez etxeko laguntza zerbitzua desegitearen aurka. Laudioko herriko plazan bilduko dira eguerdiko 13:00etan.
Elkarretaratzea deitu duten sindikatuen arabera, azken urteetan Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak etxez etxeko laguntza zerbitzua desegiten ari den politika jarri dute martxan. Diotenez, politika horrek ondorio larriak ditu gizarte osoarengan: adin nagusikoak diren eta menpekotasuna duen pertsona askok ez dute beharrezkoa den arretarik; familia asko mugako egoeran daude, haien lana eta familia bizitza ez direlako bateragarriak; langileak murrizketak pairatzen ari dira, lanpostua galduz; ezkutuan 400 kaleratze baino gehiago egon dira azken sei urteetan.
Sindikatuen arabera, udal eta foru gobernuek, biak PPk gobernatuak, Menpekotasun Legearen Baremoen kudeaketa mugatzailearen bidez etxez etxeko laguntza murriztu dute. Gainera, aurrekontuetan txertatu eta diru-laguntza zuzenak sustatu badituzte ere, diru hori ematen ez dutela salatu dute sindikatuek.
Datu gisa, 2008an laguntza jaso zuten 4.544 kideetatik, 2014an 1.800era murriztu dela aipatu dute. AFAK emandako arreta orduak erdira murriztu dira, 1.057.499tik 592.199,44ra. Udalak emandakoek, aldiz, 180.571tik 101.119,76rako murrizpena jaso dute. Zerbitzuetan lan egiten dutenen kopuruak ere behera egin du, 1.220tik 700era.