"Krisiari aurre egiteko eskumen gutxiegi du udal batek, gehiago behar ditugu alternatiba sozioekonomikoak sustatzeko"

Erredakzioa 2015ko mar. 5a, 13:55

NATXO URKIXO (Laudio, 1960) herriko alkatea izan ez ezik 2011. urtetik EH Bilduk berriro hautatu du alkatetza eskuratzeko. Lau urte horien esperientziaren inguruan mintzatu da eta etorkizunari begira zeintzuk izango diren ildo garrantzitsuenak ere azaldu du.

Hasteko, nolakoa izan da hautaketa prozesua?

Hautaketa prozesua, nolabait esateko, 2014ko abendu aldean hasi genuen. “Nolabait esateko” diot, ez baita izan zerrendaburuaren hautaketa prozesu hutsa.

NATXO URKIXO (Laudio, ) herriko alkatea izan ez ezik 2011. urtetik EH Bilduk berriro hautatu du alkatetza eskuratzeko. Lau urte horien esperientziaren inguruan mintzatu da eta etorkizunari begira zeintzuk izango diren ildo garrantzitsuenak ere azaldu du.

Hasteko, nolakoa izan da hautaketa prozesua?

Hautaketa prozesua, nolabait esateko, 2014ko abendu aldean hasi genuen. “Nolabait esateko” diot, ez baita izan zerrendaburuaren hautaketa prozesu hutsa.

Abenduan, beraz, datorren maiatzeko hauteskundeei begira udal programa lantzeko 10 lantalde osatu ziren eta ordurik hona Laudio herriari aurkeztuko diogun programa eta proposamenak lantzeko ari gara elkartzen. Prozesu honen baitan, zerrenda osatzeko urratsak diseinatu ditugu. Prozesu ireki eta parte-hartzailea izaten ari da, etxe guztietara igorritako galdetegiaren emaitzetan oinarrituta.

Zerrenda osatzeko prozesua urrats bitan ari da betetzen. Lehenengoa joan den otsailaren 25ean egin zen batzar irekia eta gerora, 27 eta 28an burutu zen berrespen bozketaz burutu zen.

Prozesuaren urrats honetan epe bat ireki zen zerrendako lehen postuetan joango ziren pertsonak proposatzeko. Ondoren, emaitzak ikusita, lantaldea proposatutako pertsonekin harremanetan jarri zen eta norberaren aukerak eta prestasuna kontuan hartuta, zerrendaren lehenengo bederatziren proposamena aurkeztu zion batzarrari 25ean.

Batzar hartan zerrenda proposatua onartu zen, eta 27 eta 28 egunetan, lehen esan bezala, hauon berrespena egin zen.

Orain abian da prozesu honen bigarren urratsa, hau da, zerrenda osoa egitea. Hautagaitza osoaren proposamena datorren martxoaren 25ean aurkeztuko da.

Zergatik egin dugu honela, eta ez ohikoa den moduan alkategaia aurkeztu?

EH Bildu udal gobernua kudeatzen ari da eta datorren legealdian azken lau urteotan abiatutako ildoetan sakondu nahiko genuke. Hau dela eta, berebiziko garrantzia dauka gure ikuspegitik, gobernu taldea osa dezaketenen zerrenda ezagutarazteak; eta ez da nahikoa gure aburuz izen bakar bat plazaratzea, lantaldea ezinbestekoa baita.

Lau urtez alkatea izan zara, zer nolako esperientzia izan da? Aurreikusten zenuenarekin harremana izan al du? Esparru pertsonalean zein politikoan.

Alkatetzan emandako lau urteok perspektiban ikusita, oso esperientzia positiboa izan dela aitortu behar dut. Laudio herri handi samarra da, eta Laudio eta laudioarron arazoak bertatik bertara ezagutu, partekatu eta konpontzen lagundu ahal izatea oso aberasgarria da.

Udalgintzan esperientzia handirik ez nuen arren, aurreikusten nuen lan handia izango zela; honetan ez nuen zalantzarik eta hala da.

Bestelakoa da esparru pertsonalean eta pribatuan ardura honek izan dezakeen eragina. Pertsona publikoa izateak badu norberarengan eta ingurukoengan nik neuk aurreikusten ez nuen halako eragina. Dena den, nabarmenagoa zen hau legealdiaren hasieran. Denborarekin gauzak askotxo normaltzen dira.

Zer da lau urteko ibilbide honetan gehien eta gutxien gustatu zaizuna?

Gehien gustatu zaidana, behar izanez gero, Laudioko jendea beti dagoela laguntzeko prest ikustea izan da. Hainbat adibide izan dugu legealdian zehar eta azkena gure herrikidea zen Pablo Urkijo desagertu zeneko egunean, dozenaka pertsona hurbildu zirela ahal zuten eran laguntzeko; hunkigarria izan zen.

Gutxi gustatu zaizkidanak ere izan dira; nola ez, baina badut akatsa: gauzok oso erraz ahazten ditudala hain zuzen. Oro har, merezi izan du, zalantza barik.

Zure ustez zeintzuk izan dira zuen kudeaketaren alde onenak eta zeintzuk hobetu nahiko zenituzkeenak?

Alde onetan, bat aipatzekotan, laudioarrekiko hurbiltasuna azpimarratuko nuke. Hurbiltasun honek auzoetako beharrizanei erantzuteko aukera eta auzoz auzo beharrizan horiek identifikatzeko eta elkarlanean aritzeko beta eman dizkigu.

Arlo sozioekonomikoan oso garai latza izaten ari gara. Langabezi tasa jasangaitza izan dugu eta badugu.

Egoera honi irtenbiderik emateko Udalak muga handiak izan arren, gure esku zegoena egiten saiatu gara.

Ildo honetan, gastu sozialaren aldeko apustua nabarmena izaten ari da. Enpresa hazitegia abian ipini da orain gutxi eta datozen urteetan indartu behar izango dugu.

Bestalde, Udalak ahaleginak egin ditu kontratatu dituen enpresetan bertoko zenbait langabe har zezaten eta azkenik, azpikontrataturiko zerbitzuetako langileentzako, sektoreko hitzarmenek agindu bezala, lan-baldintza duinak bete daitezen exijitu egin die enpresei.

 Zeintzuk dira EH Bilduk eramango dituen proposamenak hurrengo lau urteetarako?

Datozen lau urteetarako proposamenak, lehen aipatu bezala, lantzen ari gara gaur egun. Beraz ezin zehaztu genezake une honetan.

Dena den, baditugu lehentasun batzuk, legealdi honetan hasiak eta datorrenean nahitaez burutu behar direnak: auzoetako inbertsioak oro har, Iturralde kaleko irisgarritasuna, udal antzokia, Zubiko-Kuraxo kaleko estolderia, Lamuza parkea, herritarron parte hartzea sendotu eta abar.

Honetaz gain, enpresa hazitegia indartzea; mendi eta basoen kudeaketa plana; baserri garapena eta elikagai burujabetza; Ondare historikoa kontserbatzea; Lanbide Eskola Lakuapeko sarean kokatzea…

Krisi garaiak bete-betean jo du herria lau urte hauetan, zertan nabaritu duzue eta zein da udalaren benetako eskumena horri aurre egiteko?

Krisiari bete-betean aurre egiteko eskumen gutxiegi du udal batek. Gehiago beharko genituzke. Horretan, oztopo eta muga legalen gainetik, alternatiba sozioekonomiko berritzaileak sustatzeko gai izan beharko genuke. Ildo honetan, Foro Estrategikoa eta Enplegu Mahaia abiapuntu interesgarriak izan litezke.

Krisi larri honen ondorio sozialei dagokienez, kaleratze baten aurrean paratu diren herritarrak beren ondoan izan gaituzte, duela 2 urte onartutako protokoloari esker.

Ongizate arloan, gizarte laguntzetarako aurrekontuak murriztu beharrean (krisiaren aitzakian hainbeste lekutan gertatua), bereziki handitu egin ditugu lau urteotan. Elkarteei zuzendutako diru-laguntzetan, eutsi egin diegu aurrekontuei murrizketarik egin gabe.

Behin behineko lan kontratazioetan, dagokion hitzarmenaren baldintzak izan ditugu kontuan. Azpikontratazioetan subrogazioaren irudia azaleratu dugu, langileen egonkortasuna bermatuz. Udalak esleitu dituen kontratuetako pleguetan klausula sozialak ezarri dira…

Zalantza barik, sozioekonomiak datozen lau urteetarako lehentasun izaten jarraitu beharko du.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide