Udan emango diete hasiera Aldaikorreka errekaren errestaurazio obrei

Erredakzioa 2015ko api. 19a, 16:55

Iragan ostiralean egindako ez-ohiko udalbatzan Aldaikorreka errekako errestaurazio eta naturalizazio lanen kontratazio espedientea onartu zuen Laudioko Udalak.

Aldaikorreka errekaren errestauraziorako 1.298.221 euroko aurrekontua egin dute. Udalak 240.000 euroko gastua hartuko du bere gain. Arabako Foru Aldundiaren OZFPren bidez 989.999 euroko ekarpena jasoko da. Faltan diren 125.695 euroak, aldiz, Obren Finantzaketarako Ez-ohiko Funtsak emango ditu.

Iragan ostiralean egindako ez-ohiko udalbatzan Aldaikorreka errekako errestaurazio eta naturalizazio lanen kontratazio espedientea onartu zuen Laudioko Udalak. Obra Lamuza inguruaren urbanizazioaren lehenengo fasearen parte da. Orain urte batzuk Arabako Foru Aldundiak sustatutako Lamuza parkeko plan bereziari dagokio urbanizazioa bera. Aldunditik  3 milioi euro inbertitzearen konpromisoa hartu bazuten ere, 2011n Javier De Andresen taldeak atzera egin zuen.

Udal gobernu taldeak errekaren errestaurazioa aurrera eraman ahal izateko Obra eta Zerbitzuen Foru Planaz baliatu behar izan zuen. Horren bidez, Arabako herriek 2012-2015 bitarte bi obretarako diru-laguntza eska diezaiokete AFAri. Laudioren kasuan, tren geltokia, tunela eta Elorza maisua kalean egiten ari den obrak betetzen du bi eskakizunen muga. Hori bukatu eta berehala hasiko dira errekaren konponketa lanak.

Aldaikorreka errekaren errestauraziorako 1.298.221 euroko aurrekontua egin dute. Udalak 240.000 euroko gastua hartuko du bere gain. OZFPren bidez 989.999 euroko ekarpena jasoko da. Faltan diren 125.695 euroak, aldiz, Obren Finantzaketarako Ez-ohiko Funtsak emango ditu.

Errestaurazioan saneamendu sistemaren erreforma integrala egingo da. Egun saneamendurako instalazioak errekaren azpitik pasatzen dira. Puntu desberdinetan hodiak hautsita daude, eta, ondorioz, ur zikinak irten eta errekara isurtzen dira. Ondorioz, usain txarra egoten da, bereziki udan, ur gutxien dagoen unean. Saneamendurako instalazio berriak ibai azpitik atera eta berarekiko paraleloan jarriko dira. Horretaz gain, ubidea pitzatuta dago. Hori dela eta, parkeko sarrerara sarri ez da urik heltzen. Obrekin arazo horri ere irtenbidea emango diote.

Etorkizunera begira jarri eta aipatutakoaz aparte, inguruko eraikin eta espazioen horniketa bermatuko da. Hala, Kasino nahiz kirol gunerako zerbitzu desberdinetarako instalakuntzak txertatuko dira.

Hilabeteetako prozesua eta gero, udalbatzan onartzearekin batera kontratazio lanari ekingo diote. Aste baten buruan buletin ofizialean publikatu eta enpresek 26 egun inguru izango dituzte eskaintzak egiteko. Ondoren informe teknikoak eratu eta hiru hilabetetan, gehienez, obra esleitu beharko dute. Aurreikuspenen arabera uda hasieran hasiko dira lanekin. Burutu ahal izateko 6 hilabeteko epea izango dute, abenduaren 31rarte. Udal gobernu taldetik, hala ere, lehenago bukatzea aurreikusten da. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide