Bilduk ustelkeriaren aurkako mozioa aurkeztuko du Laudioko udalbatzan onartu dezaten. Laudioko PSE-EEk prestatutakoaren testu alternatiboa da.
Eledun batzordeak landuta, Udalbatzak etorkizunean aukeratuak izango diren udal hautetsientzako Kode Etikoa eztabaidatu eta onartuko du azaroaren 24an.
Bertan, Bilduk osatzen duen udal gobernu taldeak hala adierazita, ezinbestekotzat dituzten irizpideak kontuan hartu beharko dira: gardentasuna, interes publikoaren nagusitasuna, jendarte osoaren alde egikaritu beharreko kargua alderdiaren edota norberaren xedeetarako ez erabiltzea, kontratazio denetan publizitatea eta lehia askea bermatzea eta diru publikoaren kontrol zorrotza, besteak beste.
Gardentasunaren atalean bereziki aipatzen da hautetsien dietak eta soldatak Udalaren webgunean argitaratzeko beharra. Bilduren ustez ustelkeriaren aurkako borroka da indartu beharrekoa, berau bermatzen duen sistema aldatuz.