"Ez gara beste herri batzuk baino hobeak, baina duintasunez bizitzeko independentzia behar dugu"

Erredakzioa 2015ko api. 2a, 11:02

PABLO GOROSTIAGA (Areta, 1941) martxoaren 22an atera da kartzelatik Egin egunkariaren auzia dela eta 8 urte espetxean ostean. Laudioko alkatea, legebiltzarkidea eta Herri Batasunako kidea izan da besteak beste. Bere espetxealdiaren inguruan ez ezik egoera politikoari buruz ere mintzatu da umorez.

PABLO GOROSTIAGA (Areta, 1941) martxoaren 22an atera da kartzelatik Egin egunkariaren auzia dela eta 8 urte espetxean ostean. Laudioko alkatea, legebiltzarkidea eta Herri Batasunako kidea izan da besteak beste. Bere espetxealdiaren inguruan ez ezik egoera politikoari buruz ere mintzatu da umorez.

18/98 auzia dela eta zigortua izan zinen, Patxo eta Isidro Murgarekin batera.

Bai, gure kasuan Egin ixtea zen haien asmoa, argi eta garbi. Akusazioak higiezinen altxatzea leporatu zigun. Egin-ek zorra zuen Gizarte Segurantzarekin, 400 milioi pezeta ingurukoa. Baina negoziatu zen nola ordainduko zitzaion. Eta hasi ginen lanean epean ordaintzeko.

Baina zor zen dirua berreskuratzeko asmorik ez zeukaten. Egin zigortzeko operazioa hutsa izan zen. Horren adibidea da Egin-ek zuen errotatiba eta egoitza utzi dutela herdoiltzen eta galtzen. Errotatiba modernoa zen eta 800 milioi pezeta inguruko balioa zuen. Zo­rra baino askoz gehiago. Eta hor dago, txatarra bilakatuta. Hor dago guztia porrot eginda. Hasieran polizia ugarik zaintzen zuten baina gero egoitzaren teilatua zulatu da eta jendea sartu da txatarra lapurtzera.

Egin egunkariarekin egin dutena ikusita, hobe operazioaren egunean lehergailuen bitartez eztanda kontrolatua egitea eta egoitza eta errotatiba suntsitzea.

Gainera, operazioari kutsu politikoa eman zioten eta zuzendaria, zuzendariordea, kazetariak eta administrazio batzordea atxilotu zuten. Eta administrazio batzordean Murga anaiak eta hirurok geunden, besteak beste.

Egia esanda, nahiz eta batzordekoa izan, paper bat sinatu eta dirua lortzeko kanpaina batean parte hartu nuen soilik.

 

Epaiketak luze jo zuen...

Epaiketa baino lehen hilabete batzuk eman genituen kartzelan. Ni lehenago atera nintzen, legebiltzarkidea hautatu ninduten eta. 2005eko azaroaren 21ean hasi zen epaiketa, nire urtebetetzean.

18/98 auziak sekulako nahasketa egin eta hainbat gauza ezberdin epaitu zituen; Ekin erakundeko jendea, Joxemi Zumalabeko kideak, bakailaoa Kubara esportatu zuen enpresa bat... 52 pertsona guztira. EGINeko kide bat istripuan hil zen eta beste bat gaixo zegoen.

Casa de Campon prestatu zuten egoitza berezia guretzat eta astero joan behar genuen, astelehenetik asteazken gauera. Beste batzuetan ostegunetan ere Madrilen egon behar ginen. Noizean behin Madrilera joan eta berehala itzuli behar izaten genuen... 16 hilabetez egon ginen horrela. 2007ko maiatzan bukatu zen epaiketa.

 

Eta epaia plazaratu baino lehen atxiloketak izan ziren.

Bai, azaroan heldu zitzaigun albistea: Elena Beloki eta jende gehiago atxilotu zutela. Atxiloketaren zain geratu ginen. Nire kasuan Albitxun nengoen behiekin eta bertan harrapatu ninduten, handik Gasteizera eta gero Soto del Realera eramateko. Han elkartu ginen guztiok, buzo zuriz jantzita. Jaia zirudien (barreak),

Abendura arte egon ginen horrela, epaia plazaratu arte hain zuzen. Gehienoi 8 urteko zigorra ezarri ziguten. Nire kasuan, helegitearen ostean 7 urte eta 8 hilabeteko zigorra ezarri zidaten.

Soto del Realetik Alcalá Mecora bidali gintuzten eta handik Valdemorora. Murga anaiak zeuden han ere. Eta bertatik sakabanatu gintuzten.

Niri Herrera de la Manchara eraman ninduten. Hango medikuak esan zuen Herreran ez zegoela zerbitzu mediku egokirik niretzat, beraz Dueñasen espetxeratu ninduten.

Han zerbitzu medikua ona da baina urtebete besterik ez nuen eman bertan. Gero Herreran egin dut espetxealdia. Oso gustura egon naiz hor bertako kideekin, asko ikasi dut eta asko zaindu naute. Han zaharrena nintzen eta oso alaiak ziren. Nik umore ona daukat baina inguruak asko laguntzen du.

Giro ona lagunekin. Eta beti egon gara zirikatzen eta barrezka. Kaletik ezagutzen ninduten: “Pablo politikaria”, “Pablo legebiltzarkidea”. Eta beraiekin topo egiterakoan egur pilo ematen nien. “Zu zara politikari serio hori?'” esaten zidaten. Gazteekin oso ondo moldatzen nintzen.

 

Kartzelan sartzerakoan naiz eta nagusia izan, uste zenuen zigor osoa beteko zenuela?

Nik argi nuen baietz. Beraientzat guztiok ginen ETAko kideak eta horrela adierazten ziguten protesta egiten genuen bakoitzean, zigor parteetan. Eta ziegako ateetan. Nahiz eta horregatik ez ninduten zigortu. Gurekiko tratua gainontzeko euskal preso politikoei emandako tratu bera zen. Ni kolektiboaren parte sentitzen nintzen. Eta nire kideek harro sentiarazten ninduten.

Horregatik eskatu nuen kalera ateratzea 92. artikulua aintzat harturik, 70 urte bete nituen eta. Baina erakundeen erantzuna izan zen nik ez nuela nire jarrera eta pentsaera aldatu eta ondorioz kartzelan jarraitu behar nuela.

Gure egoera, Patxo Murgarena eta nirea, berezia da. Bera ere ez litzateke kartzelan egon behar, ni baino hilabete batzuk zaharragoa baita.

 

Pregoilari izendapenaren afera nola bizi zenuen?

Pozik nengoen ez bakarrik jendeak ni hautatu ninduelako, baizik eta atxiloketaren harira ere pertsona asko mugitu zirelako. Udalean ere gure aldeko mozioa aurkeztu zuten eta zenbait ekimen eman dira.

Egoera honetan bakoitzak erakutsi du bere izaera. Adibidez, beste alderdiko batzuk nirekin egon ziren udalean. Nik pentsatzen nuen alde gizatiarretik behintzat esan behar zutela nire ideiekin ados ez egon arren, nire atxiloketa ez zela zuzena.

Edo nire askatasuna eskatu behar zutela. Baina ez, ez zuten egin. Alderdien jarrerarekin bat egin zuten.

Eta gero baten batek eskatu zuen ni bisitatzeko baimena. Baina ez neukan gogorik.

Bestalde, nire alde egin duten beste alderdietako pertsonei asko eskertzen diet egindakoa. Beraiek badakite nire ideiak zeintzuk diren.

Bueno, egia esanda nik esan dezaket Euskal Herrian alderdiz gehien aldatu duen politikaria naizela. Ez dakit zenbat alderditan egon naizen: Senideen elkartea, Gure Aukera, Herri Batasuna, Euskal Herritarrok... orain Bildu. Kameleoi hutsa naiz (barreak).

Ah, gauza bat azaldu nahi dut pregoiaren inguruan. Pregoiaren harira eskatu zidaten testu bat. Eta nik, egia esanda, nire bizitza kontatu nuen. Osorik (barreak). Baina nire asmoa zen pregoi normal batean -orri batekoa edo- agertu behar diren gaiak azaltzea, gero laburbiltzeko. Nik pentsatzen nuen zuzendu eta moztu behar zutela. Baina gero guztia argitaratu zuten. Ez dakit nik zer demonio pentsatu zuen pregoia jaso zuenak.

Kartzelan barreak egin nituen kideekin: “zer astuna zaren, nork aguantatzen zaitu” esaten zidaten (barreak).

 

Judithekin bizi izan duzuna gertatu behar zela uste zenuen edo estatuaren, agintarien eta kartzelaren aldetik begirune gehiago espero zenuen?

Entzutegi Nazionalak eman zidan baimena. Judith hil baino lehen, aurreko astean, nik baneukan baimena. Eta kartzelan esaten zidaten: “bai, furgoneta ateratzen denean Madrilera, joango zara. Ez digute ezer esan. Aterako zara”.

Nik azaltzen nien Entzutegi Nazionaleko baimena nuela eta nire emaztea hilzorian zegoela. Orduan beraiek esaten zidaten ez zekitela ezer. Eta horrela behin eta berriro.
Azken asteburuan planto egitea erabaki nuen eta horren ostean sarrerara eraman ninduten. Bertan orduak eman nituen eta azkenean furgoneta txiki bat agertu zen ni eramateko. Baina eraman ninduten 100 kilometrotara, Ocañara (Toledo). Eta han nengoela kideek esan zidaten etxera deitu behar nuela. Deitu nuen eta esan zidaten aurreko gauean hil zela.

Ni nahiko lasai nengoen banekielako ondo zainduta zegoela etxean. Baina egindakoa deskribatzeko ez dago hitzik. Banuen guztia; Entzutegi Nazionaleko paperak, baimena... eta azkenean gauza bera egin behar izan zuten baina Judith hil eta gero. Zaballaraino eraman ninduten. Berandu.

Tamalez oso normala da.

Lagunak ni baino kezkatuagoak zeuden. Nik banekien zein zen errealitatea. Ondo geratu nintzen senideekin. Elkar egon ginen eta pozik. Judithentzat ere ez zen bukaera txarra izan. Senideek inguratu zuten eta nire falta haiek azaldu zioten.

Judithek oso ondo ezagutzen zuen kartzela. Hainbat kartzelatan egon zen lagunak bisitatzen eta bazekien zer gerta zitekeen.

Egoera horretan mendekua eta oztopoak besterik ez genituen aurkitu.

 

Erakundetan eta udalean bereziki hainbat ekimen gauzatu dira zure askatasuna eskatzeko. Nola baloratu duzu?

Normala da. Nire ustez jende ororekin tratu atsegina izan dut. Ideien gainetik, ni alkate nintzenean, norbait niregana hurbiltzen bazen berarekin hitz egiten nuen. Eta nire ustez hori da eredu aproposena jendeari erantzuteko. Eta hitza betetzeko, jakina.

Gauza zailak eskatuz gero nik azaltzen nuen zaila zela baina ahaleginak egiten nituen. Eta konpromisoa askotan idatziz jasotzen nuen. Sinatzen nuen eta jendeari kopia bat egiten nion.

Niretzat hori zen oparia, jendea laguntzea bere asmo eta ideietan. Eta nik badakit ideia politiko ezberdineko jende askok hori baloratzen zuela.

Hori bai, ez zitzaidan gustatzen garai horietan jendea nigana hurbiltzea gauean taberna batean. Esaten zidatenean: “orain ikusten zaitudala gauza bat esan behar nizun” eta nik erantzuten nien: “orain arte itxaron baduzu ez da hain garrantzitsua izango, ikusten ez nauzunean ez baduzu gogoratzen...” (barreak)

 

Jende askok parte hartu du zure ongi etorrian. Nola bizi izan duzu?

Ondo, baina pasada bat izan da. Nik badakit baditudala jarraitzaile sutsuak, eta baditut lagunak eta ezagutzen dut jende normala, kalekoa, Aretako herritarrak... hemendik poteatzen dugulako eta jaietan eta horrelako saltsatan ezagutu garelako.

Baina aurreko egunekoa... sorpresa polita izan zen niretzat. Muxu gehien eman duen presoa izan naiz. Baina jendea niregana etortzen zen besarkatzeko eta gorputzak eskatzen zidan besarkadak eta muxuak ematea (barreak).

 

Espetxealdian nola bizi izan duzu aro politikoaren aldaketa?

Jendeak ulertu du borroka armatua bere aroa bete duela. Garai batzuetan borroka armatuak asko baldintzatu du estatu espainiarra. Baina estatuak interes komertzial eta diruaren bitartez lortu du laguntza: estatu frantsesa, teknologia, AHT, amerikarrekin... Estatu Batuentzat lagun aproposa izan da Europan.

Ate ugari itxi dituzte. Oraindik erbestean daude asko, 30 urte eta gero.

Gure indar politikoa ere sendotu da. Eta estatuarekin bide politikotik jotzea zaila da, baina gure proiektuarekin aurrera jarraitu behar dugu. Nahi dugun guztia ez da egun zehatz batean helduko baina gauzak ez dira ez beltz ez zuri. Bide luzea da hau eta egin behar dugu.

Francoren aurka denok geunden elkarrekin eta diktadura bukatzea nahi genuen. Komunean genituen oinarrizko beharrak; azpiegiturak, hezkuntza, etxebizitza, kaleak... Laudion ez genuen espaloirik. Etxetik ateratzean lupetza zapaltzen genuen. Eta hori konpontzeko esperientzia polita izan genuen Laudion.

Orain beste behar batzuk ditugu: etxebizitza, lana, etxegabetzeak... eta horretan ere elkartu behar gara esparru sozialean.

Horretaz gain Euskal Herriko erroak ditugu. Eta esparru sozialean eragiteko burujabeak izan beharko ginateke. PP eta PSOE eta multinazionalak gauza bera dira. Egungo munduan agintzen dutenak ez dira kapitalista zehatz batzuk, egun Munduko Bankuak, Europako Banku Zentralak eta pertsona anonimoek agintzen dute.

Gu gara zenbaki bat, ekoizpenerako elementu bat. Ez bagara haien interesekoa langabetuak bilakatzen gaituzte. Iraultza egin behar dugu.

Gure borrokan elkartu behar dira esparru nazionala eta soziala. Gu nazio bat gara eta gure izaera dugu. Eta gure herria askatzen dugunean errazagoa izango da helburu sozialak lortzea.

Ez gara beste herri batzuk baino hobeagoak, baina duintasunez bizitzeko independentzia behar dugu. Lortutako borrokaren bitartez lortu dugu eta barruan dauden presoek borroka politikoa egin dute.

Orain beste eredu batekin jarraitu behar dugu herri askea izateko eta helburu sozialak lortzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide