Bilbo eta Laudio batzen dituen lasterketaren hirugarren edizioa maiatzaren 24an egingo da. Aurten mendi martxa ere egingo da.
Iazkoan Laudiotik Bilborako bidea egin ostean, aurten, 2013an bezala, Bilbotik abiatuko da Burdin Hesia mendi lasterketa. Izan ere, berezitasun hori dauka Euskal Herria Kirolak antolatzen duen probak, urte batean Bilbon eta hurrengoan Laudion duela irteera.
Maiatzaren 24an izango da hitzordua Bilboko Arenan 9:30ean, eta Ibilbidean ez da aldaketa handirik egongo: 25 km izango ditu eta 1.300 m-ko desnibel positiboa.
Esan bezala, Bilbao Arenatik abiatuko da eta Ganegokorta mendiraino joango da Pagasarrin barrena. Handik Goikogane aldera joango da eta Gerra Zibilean Bilbo babesteko eraiki ziren lubaki eta bunkerretatik pasatuko dira lasterkariak. Hain zuzen ere, kirola eta euskara sustatzeaz gain, ondare hori balioan jartzea da lasterketaren helburua.
Mendi martxa egiteko aukera
Lasterketaz gain, ibilbidea astiroago egin gura duenak aukera izango du mendi martxan izena emateko. Goizeko 8:15ean abiatuko da leku beretik, eta 25 km-ko ibilbide osoa zein beste bat laburragoa egin ahal izango da. Ibilbide laburra ez da pasatuko Ganekogorta eta Goikoganetik eta 19 km izango ditu.
Izena emateko epea, zabalik
Martxoaren 26an ireki zen lasterketan zein martxan izena emateko epea, eta lasterketaren aurreko astera bitartean zabalik egongo da. Internet bidez egin daiteke www.runedia.com web gunean, bai eta Laudioko Olympus dendan, Bilboko Bikilan eta Gasteizko Gaikar Kirolak-en.