Laudioko parkea birgaitzearen aldeko plataformak ez du bere jardunean etenik egiten, duela gutxi Javier de Andrés ahaldun nagusiarekin bildu ziren Arabako Aldundiari finantzazioa exijitzeko eta ekimen ludikoagoak ere prestatzen ari dira parkearen aldeko aldarrikapena herrian zabaltzeko.
“Parkearen alde mugi zaitez” lemapean koreografia lehiaketa antolatu dute. Taldeak 3 eta 6 pertsona artekoak izan behar dira eta adin guztietako dantzazalei irekita dago lehiaketa.
Koreografia berriak eta originalak eskatzen dira eta 3 eta 5 minutu arteko iraupena izan behar dute, musika eta dantzaren estiloa erabat librea da. Izena emateko lamuza@sosparkea.com helbidera mezua idatzi behar da, Apirilaren 28an amaituko da epea.
Saria: Berlinera bidaia
Koreografiak publiko aurrean aurkezteko sailkapen txandak Laudioko leku ezberdinetan egingo dira eta parte hartzen duten koreografia kopuruaren arabera antolatuko dira.
Finala 2015eko maiatzaren 31n izango da. Irabazle eta sari bakarra egongo da: Berlinera bidaia kulturala. Aterpe bat, hegazkineko txartelak eta ikuskizun baten sarrera ordainduko zaizkio talde irabazleari. Irudi, testu edo dantzaren bidez bidaia partekatzea eskatuko zaio, laudioar guztiek bidaiaren esperientzia nolabait gozatzeko aukera izan dezaten.
Modu horretan herriko dinamika kulturala elikatu nahi du SOS Laudioko Lamuza Parkea Plataformak. Lehiaketa horren ostean, edizio gehiago antolatzeko asmoa agertu dute.