Pasaden martxoaren 6an “Aiaraldean lan, bizi eta ikasi” dinamikak eskualdeko gazteak batu zituen eta Tubacex enpresan kontzentrazioa gauzatu ondoren, Laudioko Areta auzoan kokatuta dagoen LIPmesa enpresa okupatu zuten.
Dinamikaren helburuak argi utzi dituzte, “enpresa horretan gazteon lan eskubideak, bizi baldintzak eta ikasteko aukerak eztabaidatuko genituen alternatibak eraikitzeko pausoak manifestu batean biltzeko asmoarekin”.
LIPmesa okupatu eta ordu gutxira, Ertzaintzak gazteak kaleratu eta identifikatu zituen egitasmoaren helburuak bertan behera utziz.
Beraz, larunbatean, martxoaren 28an, Laudioko Gaztetxean ekingo diote egitarauaren jarraipenari.
Azaldu dutenez, eskualdeko zenbait enpresetako langileekin mahai ingurua egin ondoren, lan, bizi eta ikasi gaiak eztabaidatzera pasako dira; eztabaida horren helburua, “gazteon alternatibak eraikitzeko pausoak manifestu batean biltzea” izango da.
Gauari bukaera emateko kontzertuak antolatu dituzte hurrengo taldeen eskutik:
-Pre-okupales (PunkRock)
-Patx&Run (Erromeria)
-Aiaraldeko Sound (Reggae, Dub, DanceHall...)