Laudion Bizi Gara herri plataformak erantzun nahi izan dio Bidezko Laguntzak herritar plataformak martxoaren 11an Laudion abiarazitako sinadura bilketa kanpainiari. Aiaralde web-atarira bidalitako prentsa oharraren bitartez hurrengoa adierazi du Laudion Bizi Garak.
“Laudion, “Bidezko Laguntzak” deituriko ustezko plataformak egindako sinadura bilketa aurrean, PPren kalifikaezina den jarrera salatzeko beharrean gaude. Gure ustez gizartearen sektore kaltetuenak erabiltzen dituzte beraien irabazi politikoen onurako.
PP diogu, herri-plataforma baten atzean ikusten dugulako alderdi horrek hainbat instituzioetan dituen horrenbeste ordezkariak direla sinadurak biltzen.
Txiro-txiroekin liskarrak sortzen, aberatsak eta boteretsuak beraien arazoak konponduko dutenak izango direla sinestaraziz, haiek babestuko dituztela… boterearen ohiko taktika da.
Ez gaitzatela engaina, arazoa ez dago ez laguntzetan, ez herrian ezta balizko iruzurretan, arazoa jendarte injustua da, oinarrizkoenak diren eskubideak urratu egiten dituelako: osasuna, etxebizitza, enplegua, hezkuntza…
Horren aurrean elkartasunezko elkarbizitza zibiko baten alde egiten dugu, guztion artean herri bat eraikitzeko eta pertsona guztiok bizitza duin bat izateko eskubidea bermatuko duen jendarteak.”