"Beste ekonomia mota bat garatzeko esperientziak daude"

Erredakzioa 2015ko mar. 9a, 14:25

ISABEL BOVEDA (Laudio, 1949) Laudion Bizi Gara elkarteko kidea da. Taldeak justizia sozialari buruzko jardunaldiak prestatu ditu. Horien helburuak aipatu ditu.

Nola bururatu zitzaizuen justizia sozialaren inguruko jardunaldiak prestatzea?

Laudion Bizi Gara taldearen helburu orokorra justizia soziala da. Nahiz eta orain arte gehiago landu dugun migrazioa. Krisialdia dela eta ikusten dugu jendea etsituta eta ilusiorik gabe dagoela.

ISABEL BOVEDA (Laudio, 1949) Laudion Bizi Gara elkarteko kidea da. Taldeak justizia sozialari buruzko jardunaldiak prestatu ditu. Horien helburuak aipatu ditu.

Nola bururatu zitzaizuen justizia sozialaren inguruko jardunaldiak prestatzea?

Laudion Bizi Gara taldearen helburu orokorra justizia soziala da. Nahiz eta orain arte gehiago landu dugun migrazioa. Krisialdia dela eta ikusten dugu jendea etsituta eta ilusiorik gabe dagoela.

Horren aurrean uste dugu garrantzitsua dela jendea berpiztea, hori lortu ezean oso zaila izango baita zerbait lortzea.

Eta asmo horrekin erakutsi nahi dugu munduan gauzak beste modu batean egin daitezkeela.

Justizia soziala kontzeptua oso zabala da baina hitzaldiak antolatzeko gauza zehatzak landu ditugu.

Hori bai, konturatu gara martxoa ez dela hilabete aproposena, hitzaldiz beteta baitago eta beharbada hobe litzateke beste une batean egitea. Baina antolatuta daude eta aurrera jarraituko dugu.

Aipatu duzu Laudion Bizi Gara elkarteak migrazioaren gaia lantzen duela eta hori ere ez duzue ahaztu jardunaldietan, ezta?

Bai, biharko hitzaldian 19:00etan egingo dena Kultur Etxean Julen Zabalo eta Gorka Moreno horri buruz arituko dira.

Julen Zabalo Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da eta Gorka Morenok Ikuspegi -migrazioaren behatokia- zuzentzen du. Horretaz gain hainbat kontutan sartuta daude.

Beraiek migrazioa landuko dute baina ez egungo egoeratik abiatuta. Ikerketa egin dute Estatu Espainiarreko barne migrazioari buruz, 1950-1980 arokoa. Eta hori txertatzen dute egun gertatzen den migrazioan.

Nik uste oso interesgarria izango dela hitzaldia gogoratzeko hemen beste migrazio mota eta gogorra eman zela. Badirudi ez dela inoiz existitu horrelakorik eta.

Esan bezala, hori une hauetan ematen ari den migrazioarekin lotuko dute.

Gainera Gorka Moreno eta Julen Zabalo leku askotan ibili dira eta ikerketa ugari gauzatu dituzte.

Martxoaren 18an Iñaki Urkixok eskainiko du hitzaldia.

Bai, Iñaki Urkixo herrian ezagunagoa da agian, hemen bizi baita. Berak "Via Campesina"-ri buruz hitz egingo du.

Hau nazioarteko mugimendua da. Bere helburua mundu jasangarriagoa lortzea da elikadura burujabetza ere jorratzen dute nekazaritza agroekologikoaren bitartez.

Gai zabala eta interesgarria da. Ematen du mundu honetan modu bakarra dagoela gauzak egiteko eta horrela izan behar dela. Baina badago jendea beste modu batean lan egiten eta horren berri emago du Iñakik.

Berak asko daki horri buruz, horrela lan egiten baitu.

Elikadura ere aipatuko da eta oso garrantzitsua da. Mundu globalizatu honetan edozer egiten dugu eta behintzat jabetzea elikadurak zer nolako garrantzia duen gure bizitzan ondo egongo da.

Eta nola ez, hori ekonomiari lotuta dago.

Ekonomiari buruzkoa izango da azkenengo hitzaldia.

Bai, bukatzeko Antxon Borka EHUko ekonomia irakaslea eta doktorea etorriko da. Bera euskal kutxen aurka agertu da eta oso kritikoa izan da kaleratzeekin. Berak ere ikerketa asko egin ditu.

Bere aldetik nik uste interesgarriena izango dela azalduko duela ekonomia ere beste modu batean egin daitekeela. Ekonomia ez da bakarrik telebistan eta egunkaritan ikusten duguna, beste modu batean ere egin daiteke eta egiten ari dira. Eskala txikiagoan agian baina egiten ari dira.

Orain asko kezkatzen gaitu ekonomiak eta guk uste dugu beste ekonomia mota bat garatzeko aukerak badaudela. Eta ez guk esaten dugulako, baizik eta esperientziak daudelako.

Gehien inporta zaiguna hori da.

Justizia sozialaren aldarrikapena Laudiora ekarriz, zer ikusten duzue ezinbestekoa?

Justizia soziala lortzeko esparru gehiegi daude, esparru guztietan lan egin dezakegu horretarako. Baina momentu honetan kezkagarriena da agian etorkinekin gertatzen dena.

Egun hauetan dirudienez jasotzen ari dira sinadurak Marotoren plataformak bultzatutako herri ekimen legegilea gauzatzeko.

Guk hausnartuko dugu zer egingo dugun, oso larria eta kezkagarria iruditzen baitzaigu. Horrek bilatzen duena gizartea zatitzea baita. Eta hori ez da posible, saiatu behar gara etorkin eta dagoen jendearekin ahalik eta hobekien bizi. Eta honek ez du elkarbizitza sustatzen.

Eta gainera engainatzen gaituzte. Niri diru-laguntza justuagoen aldeko sinadura eskatuko balidate, nik sinatuko nuke, dudarik gabe. Baina ekimen honen helburua ez da hori, baizik eta etorkinei diru-laguntzak murriztea eta haien aurka egitea. Eta ezin gara horrekin ados egon. Aztertuko dugu zer egin dezakegun.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide