"Hemengo gutxi batzuen lanak hango jende askoren baldintzak hobetzeko balio dezake"

Erredakzioa 2015ko mar. 2a, 17:27

NEREA GARAYOk (Laudio, 1973) Abay Nilo Azul Gobernuz Kanpoko Erakundean laguntzen du eta Laudion antolatu duten elkartasun lasterketaren berri eman du. Lasterketa munduko leku ezberdinetan izango da aldi berean.

Lehenik eta behin, zerk eraman zaitu lasterketa hau antolatzera?

NEREA GARAYOk (Laudio, 1973) Abay Nilo Azul Gobernuz Kanpoko Erakundean laguntzen du eta Laudion antolatu duten elkartasun lasterketaren berri eman du. Lasterketa munduko leku ezberdinetan izango da aldi berean.

Lehenik eta behin, zerk eraman zaitu lasterketa hau antolatzera?

Etiopiarekin kontaktua mantendu eta herrialdea gehiago ezagutzeko gogoa nuen. Hori dela eta, orain dela urte eta erdi gutxi gorabehera hasi nintzen aktiboki parte hartzen eta lanean Abay Nilo Azul Gobernuz Kanpoko Erakundearekin (GKE).

Abay GKE oso txikia da, beraien haurra jaio zen herrialdearen alde zerbait egin nahi zuten adopziozko guraso batzuek sortua, eta segituan konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala bere funtzionamendua, oso erakunde gardena delako.

Nahi duenak hartu dezake bertan parte, iritziak eman, eta aktiboki lan egin. Hemendik egiten den lan guztia boluntario gisa egiten dugu, bakoitzak ahal duena eginez eta hobekien ezagutzen dituen gaietan lagunduz, eta lortzen den diru guztia Etiopiara doa.

Sarri joan ohi gara ere bazkideak eta bazkide ez direnak Etiopiara ere boluntario gisa lan egitera, eta bidaiak ere bakoitzak bere kabuz ordaintzen ditu.

Esan bezala, Abay-ren oinarrietako bat da hemengo guztia boluntario gisa egitea, lortzen den diru guztia hango proiektuetara bideratzeko eta hango jendea kontratatzeko proiektuak aurrera eramateko.

Hori horrela, diru iturri bezala bazkide kuotak ditugu, baita batzuetan udaletan lortzen ditugun diru-laguntzak.

Azoka txikiak ere antolatu ohi ditugu bigarren eskuko eta Etiopiako eskulanak salduz, eta erakusketak hango jendea hemengoarengana hurbiltzeko.

Eta jakina, urtero antolatzen dugun IRT-a dugu. Iaz hasi ginen ekintza honekin, eta Euskal Herrian Hondarribin antolatu zen.

Lortutako dirua zer motatako proiektuak gauzatzera bideratuko da?

Iazko IRT-a Abayk Walmaran duen heziketa zentrokoko kirol eskola indartzeko erabili genuen. Walmara Etiopia hegoaldean dagoen lurralde bat da, eta bertan egiten du Abayk lana.

Aurten lortzen dugun dirua berriz nekazaritza proiektua aurrera ateratzeko erabiliko dugu. Heziketa zentroaren ondoan utzi digun azalera batean fruta zuhaitzen eremua landatu nahi dugu, zentrora jatorduak egitera joaten diren haurren elikadura urria hobetzeko asmoz.

Eta horretarako azalera hori ureztatuko duen ur putzu bat eraiki beharra dugu. Lursail horrek beste helburu bat ere izango du: erakustaldi modura erabiliko dugu, bertako jendeak nekazaritza praktikak egin ahal ditzan eta beste laborantza eredu batzuei buruz ikasi.

Lurralde honetan teff-a bakarrik lantzen da, zereal endemiko etiopiarra, eta laborantza bakarra izaten dute urtean.

Klimatologiaren eta gero eta gehiago ongarrien menpean dago beraien uzta. Urte txar batek ezer gabe uzten ditu. Beraz, hain higatuta eta soilduta duten lurretan ezinbestekoa ikusten dugu beste laborantza batzuk berreskuratu eta espezie autoktonoen landa bultzatzea.

Beraien elikadura indartuko du eta lotuta joan ohi diren ingurumenaren degradazioa eta pobrezia binomioa apurtu.

Lasterketan lortzen dugun diru kopurua web orrian argitaratuko dugu eta noski, proiektuaren urrats guztien berri izango duzue Abayko web orrian.

In real time izenak zerbait berezia adierazten du, azalduko diguzu?

Bai, IRT-k In Real Time esan nahi du, euskaratuta, denbora errealean. Zer dela eta izen hau? Lasterketa munduaren puntu ezberdinetan momentu berean egingo dela, hemen Laudion (Araba), Hondarribian (Gipuzkoa), Rincón de la Victorian (Malaga), Almussafesen (Balentzia), Tres Cantosen (Madril) eta Walmaran (Etiopia).

Lasterketa guztietako egoitzetan egongo dira beste lasterketetako emaitzak, eta momentuan joango gara guztiari buruz informatzen.

Oso interesgarria izango da non dagoen lasterketaren garailea ikustea. Lehengo urtean aise irabazi zuten Etiopiarrek, eta hori 1800 metrotara daudela eta gu baino ekipamentu urriagoarekin!!!

Ea aurten inork kentzen dien lehenengo postua!!!

Parte hartzeko eredu ezberdinak egongo dira, animatuko duzu jendea parte hartzen.

Bai, guztiak parte hartzeko moduko eguna antolatu dugu, bi lasterketekin:

Lehenengoa guztiok elkartuko gaituen elkartasun lasterketa da, 10 km-takoa da, eta goizeko 10:00etan izango da. Lasterketa hau proba lehiakorra da, kronometratua. Parte-hartzaile bakoitzari lasterkari poltsa eta kamiseta teknikoa emango zaizkio eta 15€ kostatuko du.

Baina ongi prestatuak ez daudenentzat, edo famientzat, edo parte hartzea nahi duen ororentzat beste lasterketa bat dugu, lasterketa familiarra.

2 Km-takoa da, goizeko 11:15ean hasten da eta 10€ kostatzen du. Lasai egiteko lasterketa izango da, gozatzeko, parte hartzeko, nahi duenak oinez, nahi duenak korrika, edo patinetan, edo txirrindulaz, edo haur gurdiekin!!!

Garrantzitsua parte hartzea da, eta kontziente izatea laguntzeko ari garela. Hemen ere kamiseta tekniko bat emango da eta haurrentzat poltsa bat oparitxo batzuekin.

Lasterketetan izena emateko sailkapenak web orria duzue, eta bertan ikusi ahalko duzue lasterketen ibilbidea. Garrantzitsua da lehen bait lehen izena ematea, kamiseta teknikoak antolatu eta guztientzat neurriak ziurtatzeko.

Lasterketetako parte-hartzaile guztientzat zozketa bat egingo da amaieran.

Jendea animatu eta parte har dezala behar dugu nekazaritza proiektua aurrera ateratzeko. Nahiz eta agian eguraldi ona ez egin eguna alaitzen saiatuko gara denok ondo pasa dezagun.

Herriko zenbait tabernetan ere (HaitzuloBarri, Iluntze, Arkupe, Gorka, Azoka,Capuccikatua, Keska, Meca, Sorgin) Walmarako argazkiak egongo dira ikusgai, Abay-k lana non egiten duen ikusteko eta Walmarako jendea nola bizi den sentitzeko. Zer pentsatua ematen duten argazkiak dira, errealak, politak eta interesgarriak ikusteko.

Lasterketa ezberdinetako emaitzak jakiteko, zozketan parte hartzeko, argazkiak ikusteko… etorri Laudiora eta animatu parte hartzen!!

Nork lagundu zaitu, zenbat pertsona daude ekimena bultzatzen?

Hemen Laudioko atletismo klubaren laguntza dugu, Gurutze Gorriarena eta bertako Udalena.

Lasterketa egunean Mungia, Gasteiz edo Azpeitiatik ere etorriko dira lagunak eta Abay-ko bazkideak antolakuntzan laguntzera. Baina egia esanda gutxi gara, Abay erakunde oso txiki da, baina gauza asko lortu dituena.

Bere sorreratik 2008 aldera, proiektu asko martxan jarri dituena: haur eskola bat, liburutegia, heziketa ez arautua heldu eta artzain umeentzat, aita-amabitxi programa, osasun zentro txiki bat, ehun eskola emakumeentzat, heziketarako bekak, eta orain gutxi ireki berri dugun ISA etxea Addisen, genero indarkeria jasan duten neskatoez arduratzeko eta tratamentu medikoa behar duten haurrentzako etxea.

Hau da, hemengo gutxi batzuen lanak hango jende askoren baldintzak hobetzeko balio dezake.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide