"Hasieran uste nuen urtebetean independentzia lortu behar genuela"

Erredakzioa 2015ko ots. 26a, 11:41

HASSANA AALIA (El Aaiun, 1989) ekintzaile sahararra da eta Marokok Mendebaldeko Saharan egindako okupazioa salatzeagatik errepresioa pairatu du. Astelehenean Laudioko udalbatzan bere kaleratzea bertan behera utz dezaten onartu dute. Saharako Aste Kulturala dela eta Laudion herrian egon da eta bere egoeraren berri eman du.

 

Aste honetan Laudioko Udalean onartu dute mozioa zure aurkako kaleratze agindua bertan behera gera dadin, nola azalduko zenuke zure egoera?

HASSANA AALIA (El Aaiun, 1989) ekintzaile sahararra da eta Marokok Mendebaldeko Saharan egindako okupazioa salatzeagatik errepresioa pairatu du. Astelehenean Laudioko udalbatzan bere kaleratzea bertan behera utz dezaten onartu dute. Saharako Aste Kulturala dela eta Laudion herrian egon da eta bere egoeraren berri eman du.

 

Aste honetan Laudioko Udalean onartu dute mozioa zure aurkako kaleratze agindua bertan behera gera dadin, nola azalduko zenuke zure egoera?

Saharako eremu okupatuko sahararra naiz eta urtarrilaren 19an Espainiako Barne Ministerioak uko egin zion nik egindako asilo politiko eskaerari.

17 urte nituenean hasi nintzen ekintzaile gisa lanean eta atxilotu eta torturatu naute askotan. Birritan epaitu naute ekintza bera dela medio: Gdeim Izik kanpamentua dela eta, hain zuzen.

Saharar ugarik parte hartu genuen kanpamentu horretan, 20.000 baino gehiago. Kanpamentu horren bitartez okupazioaren aurkako protesta egin genuen, herri sahararrak egindakoen artean garrantzitsuenetariko bat izan da.

2010eko azaroaren 8an militarrak sartu ziren kanpamentuan eta jende asko hil zuten, haimak erre zituzten eta atxilotu ugari egon ziren, gero torturatu zituztenak.

Nire kasuan 4 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zidaten baina kartzelan sartu gabe.

Horren ostean hainbat alditan atera nintzen atzerrira. Azkenengo bidaia 2011ko urrian izan zen. Euskal Herrira etorri nintzen giza eskubideen inguruko trebakuntza ikastaro batean parte hartzeko.

Handik eta hilabetera auzitegi militarrak nire aurkako atxilotze agindua zabaldu zuen.

Ondorioz estatu espainiarrean geratu nintzen hitzaldiak ematen. 2013an epaiketa militarra gauzatu zen eta zigor oso gogorrak ezarri zituzten.

Nire kasuan auzi-ihesi epaiketa izan zen eta bizitza osoko espetxe zigorra ezarri zidaten.

Saharar preso politikoen egoera salatu duzu behin eta berriro.

Kartzelen barruan tortura existitzen delako sufritzen dute preso politiko sahararrek.

Nire kideek salatu dute epaiketan, nazioarteko begirale, fiskala eta epailearen aurrean, bortxatu zituztela beirazko botila batekin aitorpenak lortzeko.

Preso sahararren egoera oso kritikoa da. Duela gutxi preso sozialak hil zituzten eta iazko bukaeran Hassana El Ouali ere erail zuten Dajako kartzelan, mendebaldeko Saharako hegoaldean.

Senideek ere sufritzen dute, milaka kilometro bidaiatu behar baitute haiekin egoteko.

Espainiako Barne Ministerioak esan du zure kasua aztertzen dagoela.

Ministerioa ez da nire kasua aztertzen ari. Nire asilo politiko eskaera 2012ko urtarrilean aurkeztu nuen eta 2015 urtarrilera arte egon da aztertzen.

Eta bere erantzunean uko egin didate asilo politikoa. Aitortzen dute epaitegi militarra hainbat nazioarteko erakundek salatu dutela: Amnesty International, Human Right Watch, Europako Giza Eskubideen Batzordeak...

Marokoko erakunde zibilek ere salatu dute epaiketa ilegala, bermerik eta frogarik gabekoa izan dela.

Ukatze horrekin derrigorrez estatutik atera behar naizela adierazi didate.

Une hauetan Auzitegi Nazionalean helegitea prestatzen ari gara.

PPk ordea esan du zure kasua aztertzen ari dela.

Lotsagarria da PP eta beste alderdi batzuek jarraitzea Marokoko okupazioa babesten interes ekonomikoak direla medio.

Nire asilo politikoaren aldeko proposamena egin zuten Kongresuan Ezker Anitza eta beste alderdi batzuek eta PPk uko egin zion, gehiengoa baitu.

Nire ustez hori interes ekonomikoengatik da, Espainiak ez du Maroko gogaitu nahi. Interes ekonomiko ugari ditu, arrantza, besteak beste. Baina baliabide natural horiek gureak dira eta Espainia eta beste herri batzuek lapurtu dituzte.

Zure kasuaren inguruan kanpaina egiten ari da, nola baloratzen duzu lortutako oihartzuna Euskal Herrian zein estatu espainiarrean?

Kanpaina oso handia izan da eta asko animatu nau borrokan jarraitzeko. Estatu espainiarrean manifestazioak, kontzentrazioak eta gose grebak ere egin dituzte. Prentsaurrekoak egin dira eta zenbait alderdien babesa ere jaso dut.

Euskal Herrian babes handiena jaso dut nire eskaerari uko egin ziotenetik gaur arte.

17 urterekin hasi zinen ekintzaile gisa. Zer nolako bilakaera izan duzu?

Egia esanda hasi nintzenean 17 urte nituen eta umea nintzen. Manifestazio eta elkarretaratzetan parte hartzen hasi nintzen eta garai horretan uste nuen urtebetean independentzia lortu behar genuela.

Egun ikusten dut nora heldu naizen, bizi osorako zigorra ezarri didatela eta kideen ahotsa naizela eta nahiz eta hori zama handia izan asko ikasi dut, asko galdu dut eta asko lortu dut urte hauetan.

Hori da borroka eta borrokatzen duzunean ordaintzen duzu. Nire herriak eta nire kideek harro sentiarazten naute. Une hauetan borroka eredua gara munduan.

Egun hauetan protesta gehiago antolatu ditugu Barne Ministerioaren erabakiaren aurka eta Gobernu Espainiarraren jarrera salatzen jarraituko dugu.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide