Prentsa ohar baten bitartez, beirazko produktuen ekoizpenean aritzen den Laudioko Vidrala enpresak 2014 urteko jarduera eta bilakaera ekonomikoen berri eman du. Guztira 468,4 milioi euroko salmentak lortu ditu. Bere ustiapeneko emaitza -hau da, izan dituen diru sarrerak zergak ordaindu gabe- 69,6 milioi eurokoa izan da.
Iaz salmentek apur bat behera egin bazuten ere 2013arekiko (%1 gutxiago) enpresaren kutxa fluxu askea, hau da, inbertsioen errentagarritasuna adierazten duen aldagarria, %27,5 hazi da. Vidralako akzioen balioak %6,6ko hazkundea izan zuen iaz.
Azken hilabete hauetan, Britainia Handia eta Irlandan kokaturiko Encirc Ltd. konpainia erosi ostean, Vidralak aurrera begirako aurreikuspen oso positiboak ditu. Britainiar Uharteetan ez ezik Laudioko enpresak baditu lantegiak Portugal, Frantzia eta Belgikan, baita beste bi ere Espainian barrena.
2015erako Vidralak aurreikusten du, krisi ekonomikoak suertaturiko ziurgabetasunaren ostean, beirazko ontzien eskaera egonkortuko dela berriz ere Europan eta horrek onura nabariak ekarriko dizkiola enpresari.