"Itsua naiz baina ez tontoa. Jendea ni baino itsuago bizi da"

OSKAR GASTAKA (Laudio, 1982) itsua eta managerra da. 15 urtetan 65 musika talde kudeatu ditu: Berri Txarrak, Ekon, KOP, Etsaiak, Kashbad, EH Sukarra...

 

 

Zer ikusten du itsu batek?

OSKAR GASTAKA (Laudio, 1982) itsua eta managerra da. 15 urtetan 65 musika talde kudeatu ditu: Berri Txarrak, Ekon, KOP, Etsaiak, Kashbad, EH Sukarra...
 
Zer ikusten du itsu batek?
Dena, jendea itsuago bizi da. Jendeak arkeotipoekin bizi da, sistemak bonbardeatu egiten gaitu. Jendeak harremanak horren arabera erabakitzen ditu. Hori egitea jendea ezagutzeko aukera galtzea da, arazo larria, horregatik bizi da nire ustez jendea itsu. Denok gaude sistemaren barruan, alternatiboenak ere nike zapatilak eta puntako mugikorra du. Sistema aldatzea orain ezinezkoa da, jendeak duela 15 urtetik ez baitu taldean pentsatzen, indibidualki baizik. Hori da botereak nahi duena, herri osoaren kontra ez dutelako zer eginik.
 
18 musika talderen managerra zara...
Bai, musika taldeei kontzertuak lotzen dizkiet, disketxeekin kontratuak lotu, edo telebista eta irratietan elkarrizketak bideratu. Horretaz gain, kontzertuen birak antolatzen ditut. Azkenean aitatxorena egiten dut: logistikoki antolatu. Gustatzen bazaizu lan oso polita da.
 
Xakera ere jolasten duzu, ezta?
Bai. Asko gustatzen zait, nahiz eta aspaldian ez dudan denborarik. Egunak ordu gehiago izan beharko lituzke horretarako. Azkenean manager lana 24 ordukoa da, beti egon behar zara hor.
 
Musikarien peoi ala errege, zer sentitzen zara?
(Barreak) Zein galdera ona! Zaldia, alde batetik bestera eramaten ditut eta! Azkenean beraiek badakite zu zarela agintzen duena, baina alfiletik gehiago dut. Edo zalditik, oztopoen gainetik salto egitea dagokidalako. Erregetik dudan bakarra sinadura da, kazetaritza karrerako tituluan.

Urte guzti hauetan zenbat talde mugitu dituzu?
16 urterekin hasi nuen manager lana. Lan honetan 15 urte daramatzat, bizitza erdia. Berri txarrak, Ekon, Kashbad, Inadataps, Kop, Banda Basotti, Etsaiak, EH Sukara... Guztira, orain arte 65 talde mugitu ditut. Lehenengoak Euskal Herri mailan izan ziren, baina Italiatik eta Kataluniatik ere ibili naiz. Orain funky taldeak ditut: Priscilla band, Akatz, Potato, The Cherry Boppers, Izate faltsua, The Bardulians... Horretarako manager agentzia bat sortu nuen: Electric Bulegoa.
 
Zein abantaila eta oztopo ditu itsu izateak?
Inoiz ez naiz izango hegazkin pilotoa, hori da oztopo nagusiena niretzat. Suaren bueltan sukaltzea da egiten ez dudan bakarra, baina pintxe fina naiz.

Zer gustatuko litzaizuke jendartean ikustea?
Gizarteak oraindik aurrerapauso asko eman behar ditu. Ni itsua naiz baina ez dut arazorik, bi hanka ditut eta nahi dudan tokira bakarrik heldu naiteke. Garraioak ez daude denontzako prestatuta. Hala ere, bakarrik bizi ezin daitekeen jende gehiago dago, edo bizitzeko arazo gehiago duena nik baino.
 
Hamaika bitxikeria izango dituzu kontatzeko. Bat aukeratzerik?
Normalean jendeak uste du behar bereziren bat baduzu tontoa zarela. Ni itsua naiz, baina ez tontoa. Behin Bilbon nengoela Arenaleko zubian emakume batek besotik heldu ninduen: "Aizu, mutiko, badakizu Bilbon zaudela, ez?". Nik adarra jo nion, bidai agentziara joango nintzela Hong Kongeko bidaia saldu zidatela salatzeko esanez. Gero egia kontatu nion. Apropos esan nion, leloak ez garela konturatu zedin. Umorearekin hartzen dut, baina txikitan ez zidan graziarik egiten. Eskerrak umore beltza asko gustatzen zaidan. Jendearen pentsamenduak gaixotu egiten nau, asko dugu egiteko.
 
Estilo ezberdinetako taldeak kudeatzeak dituzu. Gustukoak dituzu denak?
Musika ugari entzuten dut, estilo guztietakoa. Horregatik ez dit sortzen barne ez kanpo gatazkarik. Niretzako lana da, negozioa. Taldea ona dela ikusi behar duzu, edo ondo lan egiten duela. Freskotasuna eta feelinga nahikoa da jendeari gustatzeko edo saltzeko. Hori Berri Txarraki gertatu zitzaion Ikasten diskarekin, "Ikusi arte" abestiarekin. Estudioan sartu aurreko bezperan sortu zuten, Gorkak koadernoan zituen 4 lerrorekin.

Zeintzuk dira musikan arrakasta izateko gakoak?
Arrakastaz ezin dut hitz egin, komunikabideetan entzuten denaz baizik. Arrakasta komunikabideetan lantzea da. Radioformula entzuten duen jendeak ez du musika maite, entzuten du. Politena ikertzea da. Oskorrik euskal musika du ardatz, baina zelta musika eta irlandarra ere baditu. Hori musika estilo guztietan gertatzen da. Ken Zazpiren errepertorio erdiak beste musika talde batzuetan oinarrituta daude, Fermin Muguruzarenak ere... Ikertzean sorpresa onak eta txarrak topatzen dituzu.
 
Aurrera begira, zein da betetzea gustatuko litzaizukeen amets edo erronka?

Musikaren mundutik bizitzea. Ez daukat etorkizunerako perspektibarik: pozik bizitzen jarraitu nahi dut, jende berria ezagutuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide