2014 urteko likidazioa onartu dute Udalean, 4.210.610 euroko soberakinarekin. 2013ko 1.842.000 euroko soberakinarekin alderatuta igoera nabarmena eman da, % 28koa.
Bi izan dira igoeraren eragile nagusienak. Lehena, egiteke dauden 2014ko inbertsioak. Azpimarratzekoa tren geltokia, tunela eta Elorza maisua kaleko obrara bideratutako 1.400.000 euroko ekarpena.
Horretaz gain, Ugarteko plazan egingo diren lanen 117.000 euroko inbertsioa ere, besteak beste, 2015eko gastuetara gehitu beharko da. Horrek 2014ko soberakinak txikitzea ekarriko du.
Bigarren eragilea TEFFF da, Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsa. Erakundeen egonkortasun ekonomikoa lortzen saiatzen da tresna horrekin. Horren bidez toki erakundeen parte hartze eraginkorra hasierako parte hartzearekin alderatuta % 5 baino gehiagoko jaitsiera ez izatea bermatzen da.
Arabako Foru Aldundiak egindako azkeneko likidazioan Laudioko Udalaren parte hartzea % 30ean jaitsi dela ondorioztatu da. Hori dela eta, 1.372.000 euroko kantitatea libre geratzen da eta udal soberakinaren parte bilakatu.
Osasun ekonomikoa
Udaletik egindako balorazioaren arabera, kontuak osasuntsu daude, zorrik gabe eta aurrezteko gaitasun handiarekin. Soberakinek 2015 eta hurrengo agintaldiko gastu soziala eta inbertsio estrategikoak egiteko aukera emango dutela uste dute.