Egitaraua adosteko bilera egin dute Udalak eta Laudion genero berdintasunaren inguruan lan egiten duten elkarteek: Biok, Solastiar, Asasam, Etawasol, Avillo, Jakaranda eta hainbat norbanakok ere parte hartu dute egitaraua osatzeko lanean.
Ekitaldi sorta Martxoaren 4an hasiko da, Solastiar elkarteak ekarritako “Busco novio formal, que marido ya tuve” bakarhizketarekin. Arratsaldeko 17:00etan izango da Lanbide Heziketa Udal Ikastetxean.
Martxoaren 5ean, osteguna, Maite Arrese ipuin kontalariak emakumeek sortutako maitasun istorioak kontatuko ditu, garai eta mota guztietakoak. Zuzeneko musikaz lagunduta egongo da. Arratsaldeko 18:30ean izango da hitzordua, Kultur etxean.
Udal lanbide Heziketa Eskolan astero eskaintzen da zinea baina, Martxoaren 8aren bezperarako, film berezia hautatu du Berdintasun Sailak: “Siempre Alice”, Alzehimer gaixotasunaren hastapenak sumatzen ari den irakasle baten istorioa. 17:30ean eta 20:00etan izango dira emanaldiak.
Elkarretaratzea Herriko Plazan
Emakume langilearen egunean, Martxoaren 8an, elkarretaratzea egingo da Herriko Plazan, Laudion emakumeen eskubideen eta berdintasunaren alde lan egiten duten elkarte guztiek deituta.
Deialdia 13:00etan izango da. Herri bazkariak ere antolatuko dituzte hainbat elkartek.
Tailer sorta zabala
Egitarauaren baitan gai desberdinen inguruko tailerrak izango dira nagusi: Martxoaren 9 eta 10ean, emozioak, autoestimua eta norbera hobetzeko tailerra egingo da. Diana Ibargutxik eta Raquel Fontek gidatuko dute eta Kultur Etxean izango da, arratsaldeko 18:30etatik aurrera.
Martxoaren 11n, Arabako IHESAren kontrako Batzordeak “De los sexos y el sexo por el río Nervión” izeneko tailerra eskainiko du. Gizon eta emakume moduan bakoitzak bere burua nola eraikitzen duen landuko da era praktikoan.
Hilaren 13 eta 15ean ere tailerrak izango dira, elikadura eta emozioen inguruko harremana jorratuko du lehenengoak eta autodefentsa tailerra izango da bigarrena.
Autodefentsa urtero egiten den tailerra da. Maitane Monroyk eskainiko du eta Granja Kiroldegian izango da, bi saio ezberdinetan: 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etatik 19:30etara.
Tailerretan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da Udaletxeko Berdintasun Sailean.
Antzerkia eta mahai-ingurua
Antzerkiak bere lekua izango du ere Martxoaren 8aren egitarauan, hilaren 12an “Desencadenarte” antzezlana eskainiko du Plataforma Tirante taldeak Lanbide Heziketa Udal Ikastexean. Emakumeek egiten dituzten lan ikusezinen inguruko gogoeta da.
Ekitaldiei amaiera emateko, martxoaren 17an mahai-ingurua egingo da, Josebe Iturrioz eta Ianire Estebanez psikologoa izango dira bertan eta Elo Mayo arituko da koordinatzaile bezala. “Emakume izango dira, neskatoak eta nerabeak dira” da mahai-inguruaren lema, bertan aztertuko da emakume izatera nola heltzen garen. 18:30ean izango da Kultur etxean.
Laudioko Udaletik antolatzaileei eskerrak eman eta herritarrei ekitaldietan parte-hartzeko deia luzatu diete, emakumeen egoeraren inguruan gogoeta egin eta aukera berdintasuna aldarrikatzeko.