Larunbat honetan, apirilaren 27an, Aiaraldea Komunikazio Leihoak proiektuaren berri emateko ekitaldi berezia antolatu du. Zita, 10:00etan izango da Laudioko Kultur etxean. Bertan, elkartearen lanaren berri eman eta bazkide zein herritarren ekarpenak jasotzeko gunea egongo da. Horretarako, bi aretotan txoko ezberdinak egongo dira.
Iazko apirilean abiatu zuen Aiaraldea Komunikazio Leihoak "Denok daukagu intxaur bat poltsikoan" lemapean elkarlanerako kanpaina. Batetik, elkartearen sail ezberdinetan parte hartzeko "Aiaraldeakide" izateko gonbita luzatu zuten: argazkilarien sarea, bideogintza taldea, erredakzioa, euskalgintza, finantza saila... Eta, bestetik, "Aiaraldealagun" izateko proposamena. Era honetan, proiektuari hilero 10 euroko babes ekonomikoa emango dieten bazkideak bilatu nahi dituzte.
Geroztik, Instituzioen kontseilua eta Euskalgintza kontseilua martxan jarri du elkarteak. Horregatik, orain arte egindako bideaz eta datozen hilabeteetarako erronketaz hitz egiteko bazkideen batzar informatiboa egingo dute larunbatean Laudioko kultur etxeko etxe-nagusian.
Ateak zabalik
Nabarmendu dutenez aurkezpenera interesa edo jakinmina duen edonor hurbil liteke. Goizeko 10:30etan emango diote hasiera ate irekin ekitaldiari, 11:00etan batzar informatiboa egongo da, eta ondoren Igor Arzuaga artistarekin hamaiketako musikatua.
[video:https://www.youtube.com/watch?v=XUY6ZgLqhN8 width:380]