Laudion lantegia duen Envases Metalúrgicos de Alava S.A enpresa langile berrien bila dago. Hala jakinarazi du enpresako zuzendaritzak, langileei helerazitako ohar baten bidez. Ohar horretan zuzendaritzak azaltzen du enpresa “belaunaldi aldaketa” prozesu batean sartua dagoela, eta horrek langile berriak kontratatzea dakarrela, “etorkizunean egongo diren plaza hutsei aurre egiteko”.
Gehien bilatzen ari diren perfila honakoa da: Enpresaren fabrikazio prozesuari dagokion arlo tekniko-industriala jorratzen duen Goi edo ertain mailako Lanbide Heziketa zikloa egina dutenena.
Zuzendaritzak adierazi du badituela lanpostuetarako hautagaiak bilatzeko bideak, baina Pertsonalaren Sailera curriculumak bidali daitezkeela azpimarratu du. Langileen hautapena ohiko prozedurei jarraiki egingo dela gaineratu du enpresak.
Beste bi langileren bila
Hortaz gain, zuzendaritzak azaldu du beste bi langileren bila daudela: mantenurako teknikari elektroniko baten bila eta materialen mugimendurako arduradun baten bila.