"Ileapaindegia "oasi" moduko bat bihurtu da, hemen badago jendearekin hitz egiteko parada"

Aimar Gutierrez Bidarte 2015ko ots. 11a, 12:02

 

Juan Jose Arto Rodriguezek (Galizia, 1959) berrogei urte baino gehiago daramatza ile-apaintzaile moduan. Baina ez du horretan soilik igaro bizitza: mendizalea, kaleko filosofoa, musikazalea eta 80. hamarkadako lekuko zuzena ere bada "Pelukas".

 

 

Juan Jose Arto Rodriguezek (Galizia, 1959) berrogei urte baino gehiago daramatza ile-apaintzaile moduan. Baina ez du horretan soilik igaro bizitza: mendizalea, kaleko filosofoa, musikazalea eta 80. hamarkadako lekuko zuzena ere bada "Pelukas".

 

Zergatik Pelukas izena?

Pelukas? Begira, gaur egun burusoila naiz, baina duela urte asko egundoko txima luzeak neuzkan. Egun guztia pasatzen nuen orraziarekin ilea apaintzen, ileorde bat bailitzan. Gero ileapaintzaile bihurtu eta soldaduskan ere "Pelukas" deitzen ninduten. Bi leku desberdinetatik datorkit ezizena, beraz.

Duela urte asko egundoko txima luzeak neuzkan. Egun guztia pasatzen nuen orraziarekin ilea apaintzen, ileorde bat bailitzan”

Noiz hasi zinen ileapintzaile moduan? Noiz sortu zen Pelukas ileapaindegia?

Ileapaindegiak 41 urte ditu. Nire gurasoak Galiziatik etorri ziren ni jaio nintzenean eta aitak negozioa zabaldu zuen. Ni hona zigortuta heldu nintzen lehendabiziko aldiz. Institutua utzi eta aitak ilepaindegian lan egitera behartu ninduen. Niretzat ordea ez zen zigor bat izan, poz-pozik nengoen, lehenengo egunetik jakin nuen hori zela nire mundua. Gaur egun ere poz-pozik jarraitzen dute hemen ilea mozten.

Institutua utzi eta aitak ilepaindegian lan egitera behartu ninduen. Niretzat ordea ez zen zigor bat izan, poz-pozik nengoen, lehenengo egunetik jakin nuen hori zela nire mundua”

Zein desberdintasun dago zure ilapaindegiaren eta beste ileapaindegi baten artean?

Alde batetik alde "teknikoa" dago. Edozein lan burutzeko lehenago teknikoki formatua egon behar zara. Nik, duela urte asko, kasualitate hutsez, Bilbon ikasteko zortea izan nuen, garaiko ileapaintzaile onenen eskutik. Irakasle onak izanda eta esfortzua eta ilusioa erakutsiz gero gauzak oso ondo egitera heldu zaitezke.

Horretaz gain, nik beste mundu bat ere ezagutzen nuen, jendearen mundua, eta hori oso interesgarria iruditzen zitzaidan. Niretzat oso gauza inportanteak dira harremanak, edozeinekin. Atea beti izan dut zabalik eta beti hitz egin dut mundu guztiarekin. Nire bizimodua da. Lehen ileapaindegi guztiak harreman sozialetarako bilgune ziren, gaur egun korrika gabiltza beti, ez dugu hitz egiteko denborarik. Nire ileapaindegia "oasi" moduko bat bihurtu da, hemen ba dago jendearekin hitz egiteko parada, sare-sozial funtzioa betetzen du hein batean.

Lehen ileapaindegi guztiak ziren harreman sozialetarako bilgune, baina gaur egun korrika gabiltza beti, ez dugu hitz egiteko denborarik”

Anekdota ugari egongo dira ileapaindegian gertatutakoak...

Bai, bai, hemen gauza asko eta asko gertatu dira, orain ez dakit nondik hasi! Anekdota asko ezin ditut kontatu, baina egia esan egunero gertatzen da zerbait berria. Herri guztietan dago jende berezia, jende karismatikoa; horrelako jendeak beti du zer esan, beti ekartzen dizu anekdotaren bat, eta herri honetan horrelako jende berezi asko egon da.

Herri honetan jende berezi asko egon da beti”

Zergatik ezin da zita eskatu Pelukasenean?

(Barreak) Hori ezin da, ez. gaur egun dena aldatu da. Lehen esan dizudan bezala ileapaindegian harreman sozialek garrantzia handia daukate eta elkarrekin hitz egiteko jendea behar dugu, txanda eskatuz gero jende hori ez da hemen egongo eta orduan ezingo ginateke komunikatu. Beste aldetik, ez zait gustatzen gauzak kontrolatuta edukitzea, nire bizitza orduz ordu finkatuta izatea, eta hori helarazi nahi diot mundu guztiari; hau da bizimodurik onena. Gaur egun robot bat bezala funtzionatzen dugu eta nik ez dut hori nahi, nik benetako pertsona bat nahi dut, aurpegira begiratu eta elkarrekin hitz egiteko. Aurreko egunean batek Wi-Fi-rik neukan galdetu zidan, nik argi esan nion: "Ez, hitz egin zure ondokoarekin, seguru gauza asko ikasten dituzuela elkarrengandik!"

Ez zait gustatzen gauzak kontrolatuta edukitzea, nire bizitza orduz ordu finkatuta izatea, eta hori helarazi nahi diot mundu guztiari; hau da bizimodurik onena”

Nik ez dut mugikorrik, jendeak behar baldin banau badaki non nagoen; edozertarako. Asko haserretu egiten dira, badakizu nola bizi garen, presa handiarekin. Nik lasai egoteko esaten diet, gauzak patxadaz hartzeko, badirudi niri tokatu zaidala hau irakastea, ba nik irakatsi beharko dut.

Mundu guztiarekin daukazu harreman ona edo mito bat da?

Hori mito bat da! Adibidez Guardia Zibilaren kontra nago eta bestelako uniformeen kontra ere. Ezinezkoa da mundu guztiarekin harreman ona izatea. Etsairen bat izango dut, seguru. Egia da nik erraztasuna daukadala jendearekin hitz egiteko eta jendea ezagutzeko. Bizitza osoa pasa dut kalean eta belaunaldi guztietako pertsonak ezagutzen ditut, badakit nolakoak diren eta nola hurbildu haiengana, nik hildako bat hitz eginarazi dezaket. Guztiekin harreman ona izaten saiatzen naiz. Gero, zu norbait ondo tratatuz gero, beste hori hobeto sentituko da eta positibotasun hori beste norbait transmitituko dio, kate baten antzerako zerbait osatuaz.

Mito bat da jende guztiarekin harreman ona dudala. Guardia Zibilaren kontra nago eta bestelako uniformeen kontra ere”

Gaia aldatuz, musika zure bizitzako parte inportante bat izan da, ezta?

Bai, musika beti izan da nire bizitzako parte oso inportante bat. Hasieran, gaztaroan, "Hardrock-a" eta "Rock sinfonikoa" entzuten nituen, adibidez: Jimi Hendrix, Lou Reed, Janis Joplin, Genesis, Pink Floyd...

80 hamarkadak inflexio puntua suposatu zuen. 80 hamarkadan edo 70 hamarkadaren bukaeran Ingalaterratik The Clash bezalako taldeak sonatuak entzuten hasi ziren, punka asko hedatu zen gurean eta niri pilo gustatu zitzaidan, gainera musika estilo hori erabat lotu egin zen 80 hamarkadak suposatu zuen eraldaketa sozialarekin eta bertako borrokekin: okupazioa, intsumisioa, skuata... Mugimendu kultural eta politikoek bat egin zuten. Horrek guzti horrek nire bizitzako oso garai inportante bat markatu zuen. Horregatik, orain ere, oso gogotsu eta pozik noa punk jaialdietara.

Hala ere niri musika estilo guztiak gustatzen zaizkit: Funk, Soul, Hardocre, Hardrock, Punk...

Musika talde askorekin izan duzu harremana?

Musika talde askorekin izan nuen harremana eta askorekin oraindik mantentzen dut: La Polla Records, Hertzainak, Vomito... Eskorbutorekin izan nituen harreman txarrenak, ez zait gustatzen. Laudion antolatu genuen lehendabiziko jaialdira Eskorbuto, RIP, Cicatriz eta La Polla ekarri genituen eta Eskorbutokoek gitarra bat lapurtu zioten La Polla-ko Txarlyri. Orduz geroztik ez dugu harreman ona izan.

Laudion antolatu genuen lehendabiziko jaialdira Eskorbuto, RIP, Cicatriz eta La Polla ekarri genituen eta Eskorbutokoek gitarra bat lapurtu zioten La Polla-ko Txarlyri. Orduz geroztik ez dugu harreman ona izan”

Eta musikari moduan aritzera ez zara inoiz animatu?

Ez, ez (barreak). Ni gruppiaren papera bete izan dut beti. Beno, behin La Pollakoek beraiekin abeslari moduan aritzea proposatu zidaten, Evaristorekin haserretuak zeuden garai batean. Eskerrak gero berriz adiskidetu ziren! (Barreak). Baina aspaldiko kontuak dira horiek.

Behin La Pollakoek beraiekin abeslari moduan aritzea proposatu zidaten, Evaristorekin haserretuak zeuden garai batean. Eskerrak gero berriz adiskidetu zirela!”

Erreal zalea zara, Athletic zaleen herri batean, nolatan?

Hori txikitatik, "Paco" tabernan, koadro baten barruan sartuta zeuden futbol ligako taldeen logo guztiak: Athletic-ek lehoi bat zuen adibidez, beste batek saguzar bat, besteak musker bat... Errelaren logoa gazte ilehori bat zen txapela eta guzti, oso dotorea, hori nuen gustuko. Askotan galdetzen zidaten ea ez nuen lehoi bat nahiago, nik ezetz esaten nien.

Errelaren logoa gazte ilehori bat zen txapela eta guzti, oso dotorea, hori nuen gustuko”

Erreal zalea izateaz gain, ni ere "Villosa" zalea nintzen, Laudioko taldea. Beti bizi izan naiz Jose Matias kalean eta bertatik Altzarratera (Villosak jolasten zuen zelaia) trenbideak gurutzatzea baino ez geneukan.

Futbolarekin bakarrik ez, mendiarekin ere harreman oso estua duzu.

Ohitura bat da, txikitatik egin dudan jarduna izan da mendira joatea eta beti izan da nire bizitzaren parte. Aita amuarrainak arrantzatzera joaten zen Gorbeiara eta nik beti laguntzen nion. Herriko "Los trasicios" talde erlijiosoarekin joaten hasi nintzen mendira, ekintza ugari burutzen zituzten, kanpaldiak eta abar. Gero Goikogane Mendi Taldearekin joaten hasi nintzen mendira, hasieran inguruko gailurretara eta beranduago, 80 hamarkadan edo, Piriniotara. Lehenengo hirumilakoa 86an egin nuen, Posets, Julen Reketa eta Rafa Isasirekin besteak beste. Handik aurrera beste hainbat hirumilako egin genituen Pirinioetan bai eta Atlas eta Alpeetako gailurretara ausartu ere.

Galiziarra jaiotzez, eta bihotzez?

Nire bizitza osoa pasa dut hemen, hemen dago nire bihotza: hau da nire herria, hau da nire lurra, hau da nire aberria. Nire odola Galiziakoa da, bai, "Gallegoa naiz eta harro nago" (Barreak), baina jaio eta hilabetera ekarri ninduten Laudiora.

Nire bizitza osoa pasa dut hemen, hemen dago nire bihotza: hau da nire herria, hau da nire lurra, hau da nire aberria”

Nola ikusten duzu egungo egoera politikoa?

Buuuf, momentu zaila da. Beldurra nagusitu da jendearengan. Beldurrak kontserbadore bihurtzen zaitu, daukazuna tinko heltzea dakar eta kontserbadore izateak eskumakoa izatera bultzatzen zaitu. Horregatik fenomeno bitxi baten aurrean gaude orain, alegiazko beldur horrek, beldur telebisatu horrek sortua: beldurrak jendea eskumakoa bihurtzen du, beldurrak langile batek eskumako botoa izatea eragiten du.

Eskumak beti jakin du nola kamuflatu eta ezkerrak asko galdu du urteotan. Eskuma oligarkentzat beharko luke, bere posizioa eta aberastasuna herriaren gainetik gorde nahi dutenentzat, baina langile batek eskumari ematen dionean botoa zerbait oso gaizki doanaren seinale da.

Langile batek eskumari ematen dionean botoa zerbait oso gaizki doanaren seinale da”

Zein izan daiteke arazoa? Agian ezkerrak Espainian gauzak ondo egin ez dituela. Espainiaz hari naiz baina niretzat Espainia aldameneko herrialdea da, ez nirea. Orain, bertan, fenomeno berri bat sortu da: "Podemos". gustatuko litzaidake pentsatzea benetan aski dela esan dutenen ahotsa izango dela eta gauzak aldatuko dituztela, asko poztuko ninduke, beti ere Espainiari begira. Guk gurean badugu alternatiba hori aspalditik eraikia, ezker abertzalea urte luzez ibili da lanean eta nire ustez gauzak nahiko ondo egin ditu, inon eta inoiz ikusi ez den bezalako autokritika ariketa batekin. Aurrera jarraitu behar dugu eta gutxiesten bagaituzte ere gogor jarraitzen badugu lanean egunen batean irabaziko dugu, merezi dugulako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide