Laster hasiko dira Gardeako errepidearen berritze lanak, Hirugurutzetako errotondatik Txirrita aldera berritu nahi dute asfaltoa. Horretarako gas hornikuntza lanen amaieraren zain daude berriro zulatu behar ez izateko.
Naturgasek hornikuntzak berritze lanak amaitu bezain laster hasiko dituzte zaharkituta eta egoera txarrean dagoen errepidea berritzeko lanak.
Bestalde Latiorrotik autobidera doan zatia ere berrituko dute, 350 metroko errepide horrek azelerazio bidea izan behar lukeelako eta aspalditik egoera kaxkarrean eta zuloz josita dagoelako.
Gobernu taldeak diruzaintzan dagoen 30.000 euroko soberakina lan horretarako erabiltzea erabaki du. Koldo Zabala hirigintza zinegotziak azaldu duenez Gardeako lanak egingo dituen enpresarekin kontaktuan daude beste lan hori ere egiteko.
Horrela Latiorroko asanbladak eta laudioarrek egindako eskaera ere bete ahal izango dute.
Bestalde landa inguruetako zenbait bideren egoera ere hobetzera doaz legealdi hasieran abiatutako plan honen barruan.
Aurreikuspenen arabera lan horiek Gardeakoekin batera abiatuko dira hilabeteko epean.
Lusurbilandako bidean asfaltatze lanak egingo dituzte, seinaleak eta errepideko markak aldatuko dituzte abiadura mugak eta estuguneak gogorarazteko eta oinezkoentzako bidea ere jarriko dute.
Katuxa Ibarran zehazki auzoko azken etxetarako sarrera bidean ere izango dira berriztapenak eta Gardeagotxin pasa den urtean hasitako erreformarekin jarraituko dute.
Lan guzti horietarako aurrekontua 200.000 eurokoa da, horietatik 83.000 landa eremuetako errepideen berritzerako izango dira, adjudikaziodun enpresak aurrekontuan 30.000 euroko beherapena egin baitzuen.
Herri lanak honezkero hasita egon behar litzateke, Zabalak atzerapena klimatologiari eta natur gasek euren lanak amaitu zain egoteari egotzi dio.