Apirilaren 25ean, larunbata, Laudioko Herriko Plazan ospatu behar duten Ehuntzen eguna prestatzeko bilera deitu du Gure Esku Dago gizarte-mugimenduak otsailaren 13an, ostirala, 19:00etan, Udaletxeko Erabilera Anitzeko Gelan.
Hautestontzi erraldoiak
Azaro hasieran Donostiako Zurriola hondartzan burututako ekintza ikusgarriaren ostean, ekainaren 20an Euskal Herriko bost hiriburu nagusietan herritarren artean jositako oihalez eraikiko diren hautestontzi erraldoiak prestatzeko dinamika abiatu du Gure Esku Dago ekimenak. “Herri honek duen erabakitzeko eskubidea aldarrikatu eta herritarroi eskubide hori gauzatzea dagokigula adierazteko”, horrela azaltzen du gizarte-mugimenduak ekimen berriaren xedea.
“Herri bakoitzean, margo askotariko oihal-zati batzuk ehundu eta bata bestearekin josiko ditugu, ekainaren 20an hautestontzi erraldoien osagarri izango direnak” azaldu dute.
Tutoreak
Izan ere hautestontzi erraldoiak herritarren artean jositako oihalez osatuko dituzte. Prozesu horren garapenean hogeina pertsonen atxikimendua dinamizatuko duten “tutore”en figura eratu dute ekintza bideratzeko.
Horrela definitu dute boluntarioen zeregina: “Ekitaldi hauetan guztiotan eragile izateko ardura hartuko duten lagunak, bere inguruan, lantokian zein kalean, adiskideen artean bezala lankideekin, kirol egitean edo ikastean edo lanean, beste lagun batzuen esku-hartzea lortuko dutenak, margo anitzen oihal ugari, ahalik ugarienak, osa ditzagun”.
Apirilaren 25ean beraz, laudioarren artean jositako oihalak prestatzeko hitzordua izango da, eta ostiraleko aurkezpen eta prestakuntza bilera, ekimenean tutore modura zein bestelako zereginetan parte hartzeko prest dauden herritar guztientzat irekia izango da.