"Elurrak mendiei ematen dien edertasun zein arriskua azpimarratuko nituzke”

Erredakzioa 2015ko ots. 11a, 10:50

ARANTZI IRIONDO (Areta, 1968) urteak daramatza mendian ibiltzen. Goikogane mendi taldeko kidea da eta Pirineotan eta Alpeetan ere aritu izan da.

Zertan egiten du elurrak mendia berezi?

ARANTZI IRIONDO (Areta, 1968) urteak daramatza mendian ibiltzen. Goikogane mendi taldeko kidea da eta Pirineotan eta Alpeetan ere aritu izan da.

Zertan egiten du elurrak mendia berezi?

Nik gauza pare bat aipatuko nituzke. Alde batetik elurrak mendiari ematen dion edertasuna eta, bestetik, horrek dakarren arriskua. Ez da gauza bera mendi bat elurrik gabe dagoenean edo elurrarekin dagoenean igotzea. Badaude arrisku batzuk, aurreikusi behar diren arrisku batzuk. Norberaren esperientziaren arabera aukeratu behar da nora joan eta zer egin.

Mendian esperientzia daukatenak soilik igo daitezke elurra dagoenean?

Esperientziaren araberakoa eta norberaren araberakoa da hori. Hasieran mendi baxuetara jo daiteke, hemen inguruan ditugunetara. Eta horik aurrera bazoaz, apurka-apurka, altuagoak direnetara. Guk, adibidez, Gorbeia, Kamaraka eta Goikogane ezagutu genituen lehenbizi. Ondoren Anbotoren tamainakoetara igaro ginen, eta gero Pirineotara hurbiltzen hasi ginen: Nafarroa aldean daudenetara lehenbizi (Hiru erregeen mahaia eta horrelakoak) eta 3000 batzuetara gero. Eta hortik saltoa normalean Alpeetara izaten da. Prozesu bat da: baxuenetatik edo hemen inguruan dituzunetatik hasten zara, ondoren altuera gehiago dutenetara igarotzeko.

Hemen inguruko mendietan, beraz, arriskurik ez?

Elurra dagonean beti dago arriskua. Hemen inguruan agian ez duzu elur-jausirik topatuko, baina izotza egon daiteke. Horrek esan nahi du kranpoiekin ibili behar duzula, edo nondik joan jakin behar duzula. Labainkatuz gero erortzeko arriskua dago... ez dugu pentsatu behar baxuak direnez gero arriskurik izango ez dutenik. Hori argi dago.

Beste gauza bat askotan aipatzen dena: ezin zara mendira bakarrik joan. Hemen hurbileko mendietatik paseo bat bakarrik emateak ez du aparteko arriskurik, baina Pirineotara edo antzeko leku batera bakarrik joatea sekulako burugabekeria iruditzen zait. Norbaiti nora zoazen jakinaraztea ere gomendagarria da.

Amildegiekin topatzeko arriskua dago?

Hemengo mendietan ez horrenbeste, nik behintzat ez ditut asko ikusi. Baina Pirineotara joz gero hor bai, zulo pila bat daude, eta elurtuta daudenean oso arriskutsuak izaten dira. Baina hemen inguruan ohiko bideetatik joz gero ez dago simekin topatzeko arrisku gehiegirik.

Beste faktore garrantzitsu bat eguraldiarena da. Eguraldi txarra badago edo lainoa sartzen bada arrisku handia ekar dezake horrek. Jende asko hori dela eta galdu daiteke, eta kasu batzuetan hil egin daitezke, hotza dela eta. Beraz, eguraldiarena kontuan hartzeko beste faktore bat izan daiteke.

"Aiaraldean edozein paraje izan daiteke polita elurra dagoenean"

Hemengo mendiak elurtuak daudenean igo nahi dituenak zer izan behar luke nahitaez motxilan?

Arropa eta oinetako egokiak, lehenik eta behin. Mugikorra eramatea ere beharrezkoa da, bateria beteta. Gu hasi ginenean ez zegoen mugikorrik, baina gaur egun mundu guztiak dauka bat, eta nik uste dut ezinbestekoa dela poltsikoan eramatea. Jateko zer edo zer ere eraman behar da, badaezpada; eta ura, noski. Eguzkitako krema eta betaurrekoak ere ezinbestekoak dira leku elurtuetara joaterako orduan.

Eta Aiaraldean zer paraje gomendatuko zenuke elurtua dagoenean bisitatzeko?

Aiaraldean edozein paraje izan daiteke polita elurra dagoenean. Mendiz inguratuta gaude hemen. Ez dugu, beraz, urrun joan behar. Urduñako mendatea ere hor duzu... zaila izango litzateke bakar bat aukeratzea. Denak izan daitezke ederrak... nora zoazen baldin badakizu, noski.

Mendizaletasunean hasiberriak direnentzako, baina, zer ibilbide proposatuko zenuke?

Nik askotan egin dut Laudiotik Santa Luziara arteko bidea, Usurbeilandatik gora. Oso txango polita da, erraza, eta denbora luzea eskatzen ez duena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide