Pasa den asteburuan lehiaketa ezberdinak jokatu dituzte Laudioko taldeek. Alde batetik gizonezko lehenengo mailako Ganbegi 6-2 Hockey Taldeak Espainiako Txapelketaren Sektor Fasea Santanderren jokatu zuen larunbat eta igandean. Beste alde batetik gizonezko kadete mailako Rapid Apill Hockey Taldea eta emakumezko kadete mailako Satorrak Hockey Taldea Laudion antolatutako Euskadiko Txapelketetan aritu ziren, lehenengoa larunbatean eta bigarrena igandean.
Ganbegi 6-2 Hockey Taldeak jokatutako Espainiako Txapelketaren Sektor Faseko emaitzak besteetan bezain txarrak izan ez ziren arren, ez dira onak izan, Laudioko taldea Fase Finaletik kanporatuta geratu baita. Larunbatean, Iñaki Olaguenagaren taldeak Santanderreko Real Sociedad de Tenis eta Madrilgo San Pablo Valdeluz taldeen kontra galdu zuen, 4-2 eta 15-1 hurrenez hurren. Igandean aldiz, Zaragozako Honigvogelaren aurka garaipena lortu zuen 6-5.
Rapid Apill Hockey Taldeak Gizonezko kadete mailako Euskadiko Txapelketaren lehenengo itzulia jokatu zuen larunbatean Laudioko Kiroldegian. Jokalari guztiak kadete mailako lehenengo urtekoak edo gazteagoak izateaz gain, atezainak ezin izan zuen parte hartu gaixo egoteagatik. Beraz, emaitzak oso txarrak izan ziren. 1-10 Santo Tomas Lizeoaren kontra, 14-0 eta 13-1 Atlético San Sebastian eta Atlético Concharen aurka. Bigarren itzulia jokatuko dute datorren otsailaren 7an Donostian.
Satorrak Hockey Taldeak Emakumezko kadete mailako Euskadiko Txapelketaren bigarren itzulia jokatu zuen igandean Laudion. Gizonezkoetan bezala, jokalari guztiak 2.000. urtekoak ziren, eta emaitzak lehengo itzulian baino hobeak izanda ere, ez ziren batere onak izan. 7-1 Ekintzaren kontra eta 7-0 eta 6-1 Santo Tomás Lizeoa eta Lizeotarrak taldeen aurka.