Laudiok SPRI (Eusko Jaurlaritzako Enpresa Garapenerako Agentzia) erakundearekin duen kolaborazio hitzarmenari esker eta Akitaniarekin dagoen harremanaren testuinguruan, Bordeleko metropoli-barrutiaren ordezkaritza etorriko da herrira gaur.
Bordeleko ordezkaritza Gardeako industrialdea bisitatuko du batez ere. Haien helburua gune hori nola berpiztu den ezagutzea da, zer azpiegitura eta zerbitzu mota behar diren industrientzako erakargarria izango den gunea eraikitzeko.
Izan ere, Laudioko industrialdearen berpiztea duela 30 urte hasi zen eta asko dira hamarkada horietan ikasitakoak.
Udalak egin duen analisi estrategikoa ere ezagutu nahi du Akitaniako ordezkaritzak, batez ere arlo ekonomikoan nolakoa izan den prozesua eta zeintzuk diren ateratako ondorioak.
Merkataritzaren mapa birtual berria
Akitaniako ordezkaritzaren bisita ez da izango ordea asteko hitzordu bakarra. Datorren asteazkenean Arabako Merkataritza Konfederazioak egindako Merkataritzaren mapa birtuala aurkeztuko da Laudion. Lokal komertzialen geolokazioan oinarritu da ikerketa eta Laudioko Udalak prozesuan parte hartu du.
Udal arduradunek azaldu dutenez, potentzial handikoa da ikerketa. Aplikazio informatiko baten bidez hirigintza planetan kontutan hartu beharreko hainbat gauza erraz ikus ahal izango dira: Zeintzuk diren lokal komertzial gehiago behar dituzten auzoak edo guneak, non dagoen denda gehiago, non gutxiago, non dauden lokal hutsak...e.a
Herriko merkatarientzat ere, nola ez, tresna garrantzitsua izango da. Dituzten lehiakideak hobeto ezagutzeko modua izango dute, zenbat diren, non dauden, zenbat denda dagoen sektore bakoitzeko.
Udalak PERCOarekin batera erabiliko du merkataritzaren mapa birtuala, arlo honetako ildoak eta politikak zehazteko.