Langileek salatu dutenez, Imegar enpresan egindako gestio txarra dela-eta soldata atzerapenarekin jasotzen ari dira azkeneko bi urteetan. Haien arabera, arazoaren jatorria 2011n erositako bi makina automatikoetan aurkitzen da. Makinak eskuratzearekin batera hiru langile kaleratu zituzten.
Zuzendaritzari erosketa beharrezkoa ez zela helarazi zioten. Izan ere, inbertsioa egoera ekonomiko zailean egiten zela eta, horretaz gain, beharrezkoak ez zirela uste zuten. Denborak arrazoia eman diela deritzote.
Erosketak egin eta 3 urtetara, makina automatikoetako bat kendu egin zuen enpresak, bere ordez automatikoa ez den bat eskuratuz, hasierakoen gisara. Horrek programazio berriak egitea eskatzen du. Langileen ustez gestio txarraren adibidea da hori.
Azaldu dutenez, enpresari konponbidea eskatu arren, bere erantzuna pazientzia eskatzea izan da. Langileek ez dute ulertzen nola lanean jarraitu arren dirurik ez dagoen, eta enpresa inbertsioa gaizki egiten ari denaren aukera mahai gainean jartzen dute.