Data hauetan tradizioa den bezala, baserriko bizimodua, produktuak, eta ohiturak omentzen dituen San Blas Azoka ospatuko da Laudion. Urtero bezala, ospakizun hau ekintzaz beterik dator.
Ospakizunek, urtarrilaren 29an, osteguna, hasiera izango dute Terencio VIII, txerriaren aurkezpenarekin. Aurkezpen hau egun horretako goizean egingo da, merkatuan.
Larunbatean berriz, urtarrilaren 31, Aldai Plazan izango da San Blas honetako ekitaldi nagusia, San Blas azoka.
Azokak goizeko 10etan izango du hasiera, produktuen bedeinkapenarekin. Horren ondoren, baserrietan ekoiztutako produktuen erakusketa, artisautza erakusketa eta salmenta, Kirikiñok umeentzako prestatutako jolasak, eta Herri Kirolen erakusketa eta salmenta egongo dira, odolosteak egiten diren bitartean eta Fita Fit elkarteko musikarien giro pean.
Ohitura den bezala, San Blas hauetan ere urritz makilen eta txarripaten lehiaketak ospatu egingo dira.
Honetaz gain, goizean zehar, azokara bertaratzen direnek Terentzio VIIIaren kalejira ikusteko aukera izango dute. Terentzio, asto batek tiratutako gurdi batean helduko da Laudiora herriko Zanpantzarren soinuarekin, eta goizean zehar, azokan, erre eta garbitu egingo dute.
Goizeko 13:00etan, azokaren momenturik hunkigarrienetako bat emango da, Kasille baserriko Lorenza Andikoetxea eta Antonio Atxa baserritarren omenaldiarekin. Jarraian, Arloteek Laudioko herri-abestiak interpretatuko dituzte.
Azokaren lehen txanparen bukaera 14:00etan izango da, txarripata eta urritz lehiaketaren sariak ematen direnean.
Arratsaldean musika izango da protagonista, izan ere, 18etatik aurrera Laudioko euskal dantza taldeek emanaldia eskainiko dute. Emanaldira bertaratzen direnek, dantzetaz gain Aldai plazan dastatzeko eskainiko diren gastainetaz gozatzeko aukera izango dute. Arratsaldeko 19tan berriz, jaiak jarraipena izango du Erromeria batekin.
Jaiarekin bukatzeko, 20etan Terentzio pisatua izango da eta ordu erdi beranduago zozketa egingo da, aurtengo San Blas Azokari amaiera ipiniz.
Aldaketak eta produktuen salmenta.
Azokaren antolatzaileek adierazi dutenez, aurtengo edizioan aldaketa batzuk egin behar izan dituzte.
Alde batetik, aurten Terentzioren kalejira astoek tiratutako gurdian egingo da, idi parea erabili ordez. Aldaketa honek, garraioaren eraginkortasuna eta segurtasuna dauzka helburu.
Bestetik, tabernaren tamaina murriztu egingo da, txosna txikiago bat ipiniz, non dena dela, taloa, txitxikia, odolosteak, etabar zihurtatuak egongo dira. Aldaketa hau, ez da erabaki erraza izan antolakuntzarentzat, baina lanaren neurria egokitzearekin bat dator.
Azkenik, eta aurreko urteetan egiten ez zen bezala, aurtengo edizioan, baserritarrek ez dute ezer ordaindu beharko beren saltokia ipintzeagatik. Antolatzaileen aburuz, azoka honen helburu nagusietako bat gure baserrietako ekonomia eta kultura indartzea da, eta horretarako neurri hau hartzea erabaki dute.
Honenbestez, baserriko produktuak saltzeko interesa dutenek arratsaldez 688892944 telefonoan saltokia eska dezakete. Artisautza produktuen salmentarako berriz, salmenta postuen eskakizuna egin daiteke 688892718 telefonora deituz.
Antolakuntzak jendea azokara bertaratzera eta ondo pasatzera animatu nahi du.