"Uste dut 'Mamma mia' antzezlanak oroitzapen berezia utziko didala"

Erredakzioa 2015ko urt. 22a, 13:30

MELISA KEREJETA PEREZ (Laudio, 1979) Oihala Zabaltzen antzerki taldeko kidea da. Hainbat antzezlanetan aritu da baina ostiralean eta igandean erronka berezia izango dute "Mamma mia" aurkeztuz.

MELISA KEREJETA PEREZ (Laudio, 1979) Oihala Zabaltzen antzerki taldeko kidea da. Hainbat antzezlanetan aritu da baina ostiralean eta igandean erronka berezia izango dute "Mamma mia" aurkeztuz.


Zergatik hautatu duzue "Mamma mia"?

Zerbait ezberdina egiteko gogoak genituen. Txantxa artean aipatu genuen musikala egiteko aukera. Egia esanda behin baino gehiagotan esan dugu baina iaz heldu zen erabakitzeko unea eta erdi txantxetan esan genuen "Mamma mia" egingo genuela eta azkenean gauzatu dugu.

Inork ez zuen ezetz esan, gogoz harrapatu gaitu eta horrela erabaki dugu.

Lehen aldiz egingo duzue musikala?

Bai, gu profesionalak ez garenez beste motibazio batzuek bultzatzen gaituzte; emozioa, ilusioa, ahalegina... beraz musikala egiteak, nahiz eta gutxi gorabehera ondo egin nahi dugun, zenbait kontu tekniko eskatzen ditu.

Erregistro ezberdina da, modu berezian hitz egin behar da, musika, mikrofonoak... teknikoki ahalegin handia da.

Eta beste esparrutan?

Taldean inor ez da abeslaria, ezta dantzaria ere. Ondorioz, eztabaidatu genuenean antzezlan hau egitea aintzat hartu genuen nor dagoen prest abesteko, nor ez... eta horren arabera antolatu dugu guztia.

Zein da zure ardura?

Ni Sofi izango naiz. Istorioaren haria da eta ardura handiko lana da. Hala ere ilusioz aurre egin diot nahiz eta lotsa dudan.

Nik adibidez ez dut oso ondo abesten, Abba-ko musikak exijitzen gaitu tonu zehatz batean abestea eta bakoitzak daukagun ahotsa dauka.

Baina ondo, ausardiaz eta ilusioz ekingo diogu.

Esperientzia daukazu antzerkian?

Oihala Zabaltzen taldearen hainbat antzezlanetan aritu naiz. Beste talde batean egon nintzen, Aitor Urkijok ere gidatzen zuena.

Baina duela urte asko, nerabeak ginen. Talde horretan hasi nintzen eta desagertu zenean Oihala Zabaltzenen sartu nintzen.

Uste dut "Mamma mia" antzezlanak oroitzapen berezia utziko didala egiten ari garen lana dela eta. Bestalde iazko antzezlana bertan behera utzi genuen eta horrek apur bat etsitu gintuen.

Ondorioz gogo askorekin egingo dugu. Ilusio handiz egingo dut, baina ikusiko dugu nola geratuko den.

Gainerako antzezlanen aldetik komediek gogorapen onak utzi dizkidate, jendeak asko barre egin baitu. Jendea pozik eta gu ere bai, jakina.

"La cena de los idiotas", "Bienvenidos al sur" bururatzen zaizkit orain, adibidez.

Nolakoa da Oihala Zabaltzen taldearen lan dinamika?

Oro har saiatzen gara bi antzezlan egiten urtero. Bata udaberrian, ekainean eta hurrengoa gabonetan.

Elkartzen gara, erabakitzen dugu zer nahiago dugun egitea, gu ere ez nekatzeko genero bera beti landuz.

Adostasuna lortu eta gero gidoia egokitzen dugu, hilabetea ematen dugu lan hori egiten eta saioak hasten ditugu.

Hasiera batean modu arinean egiten ditugu saioak antzezlanarekin harremanetan jartzeko eta gero trinkoagoak dira saioak. Ordu gehiago ematen ditugu eta hori antzezlanaren eguna heldu arte.

Pare bat hilabete ematen ditugu horrekin. Dedikazioa eskatzen du baina profesionalak ez garenez etortzen garenok nahi eta gogoko dugulako egiten dugu.

Beraz, bakoitzak dituen egoera eta baldintzetatik at ahal dugun neurrian egiten dugu guztiok.

Zenbat pertsona zarete taldean?

14 edo 15 pertsona gara, ezin dizut zehaztu, eta guztion artean banatzen dugu lana.

Batzuk trebeagoak dira dekoratuak egiten eta beste batzuk ordea traketsagoak, beste batzuek gidoiarekin lan egitea nahiago dute edo koreografian... Saioetan guztiok egiten ditugu ekarpenak.

Bakoitzak bere gaitasunen arabera. Hori bai, badago pertsona bat soinuarekin laguntzen duena eta beste bat gauza bera egiten duena argiztapenaren esparruan. Eta horiek dauzkaten ardura bakarrak dira.

Bukatzeko, zer eskainiko diozue jendeari "Mamma mia" antzezlanaren eskutik?

Ez da barre egiteko lana baina bai irribarrea mantentzeko modukoa. Abba taldearen musika guztiok ezagutzen dugu, oso ospetsua da, jende askori gustatzen zaio eta zuzenean entzuteko aukera egongo da.

Gure ekarpena betikoa izango da, ilusioa, energia eta publikoak ahalik eta hobekien pasa dezan.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide